"Udal gobernu taldeari Astola eta Laubideta auzoetan egiteke dauden saneamendu proiektuak berehala aktibatzeko eskatzen diogu. Jarduera horiek urteak daramatzate gauzatzeko prest, eta funtsezkoak dira ibaira zuzenean egiten diren isurketekin amaitzeko", azaldu du EAJko bozeramailea den Mikel Garaizabalek.
Alderdi jeltzaleko kideak azaldu duenez, aurreko legegintzaldian, beraiek alkatetzan zeudenean, Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoarekin batera beharrezko lan tekniko guztiak prest utzi zituzten. Garaizabalek esan duenez, Laubidetako (Laubideta 1etik 11ra bitarteko etxebizitzak) saneamenduaren proiektua eta Astolako (13., 15., 17., 19., eta 21. ataria) etxeetako proiektua prest utzi zuten. “EH Bilduren eta AIBren egungo gobernuak ez du ezer aurreratu hiru urteko agintaldian. Idatzi eta adostuta Ur Partzuergoarekin utzi genituen proiektuak. Orain falta den gauza bakarra horiek gauzatzeko borondate politikoa da. Saneamendua ezin da blokeatu interes politikorik ez dagoelako. Dena prest dago ekiteko, erabakia besterik ez da falta”, bukatu du jeltzaleak.