Greba jardunaldia bihar, CAFen Abadiñoko lantegian

E.H. 2025eko abenduaren 9a

Beharginek, LAB sindikatuak deituta, egun bakarreko greba egingo dute bihar, abenduak 10, tailerreko zaratak "onartezinak" eta "irregularrak" direlako. 

Sindikatuaren esanetan, langileek "zarata maila oso altuak" jasaten dituzte lanaldi osoan zehar, eta segurtasun neurriak ezartzeko eta neurketa akustikoak "gardentasunez" egiteko eskatuko diote enpresari. 

Kontua martxotik dator. Sindikatuaren esanetan, enpresak neurketa akustikoak egin zituen hilabete hartako amaieran, sindikatuko prebentzio ordezkaria lagun, eta txostenak "esposizio balore oso handiak" jaso zituela jakinarazi du. Alabaina, emaitzak "enpresak espero bakoak" zirela eta, orain, enpresak "planifikaziorik bako" beste neurketa bat egingo duela dio LABek: "Horrek ez du inola ere bermatzen neurketa prozesu fidagarri bat. Azken batean, tranpak egiten aritu dira, erregistratutakoak baino balore txikiagoak lortzeko asmoarekin, neurketa errepikatzeak objektiboki emaitza altuak zuzendu ahal izango balitu bezala", esan du sindikatuak.

Hori guztia dela eta, enpresari eskatu diote neurketa prozesuetan "gardentasunez" jokatzeko eta "segurtasun neurriak ezartzeko epeak jartzeko".

CAF Turnkey & Engineering enpresa Abadiñoko Lebario auzoan dago. 30 behargin ditu eta mantenu lanak eskaintzen dizkio Euskotreni, Lebarioko kotxeretan.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!