Abadiñoko Udalak 14.183.475 euroko aurrekontua onartu du 2026rako, aurreko urtean baino %7,15 handiagoa. Udaletik jakitera eman dutenez kopuru horretatik 755.000 euro inbertsioetara bideratuko dituzte, eta horri, 2026. urtean zehar diru-kutxako soberakinen bidez aurrera eramango diren inbertsioak gehitu behar zaizkio. Lehentasunezko proiektuen artean Atxarteko sarrerako bidea berreskuratzea, Irazolako auzotarrei udal ur honidura sarea bermatzea, Urkiolako ur kaptazioak publifikatzea eta kirol guneak egokitzea daude.
Horrez gain, 700.000 euro inguru dirulaguntzetara bideratuko direla jakitera eman dute. "Herriko eragileak Abadiñon herrigintza bizi bat bermatzeko ezinbesteko tresna dira. Gaur egun, 58 herri eragile inguru daude, eta horiek indartzean jarri anhi izan dugu arreta", adierazi du udal gobernu taldeak.
Bestalde, aurrekontuek azken urteetako adostasunik handiena dutela esan dute. “Azken urteetako adostasunik handiena izan dute 2026ko aurrekontuek, eta, horrek, aukera emango digu Abadiñoren etorkizuna era eraginkorragoan eraikitzeko. Aurrekontuak herriaren eta herritarren garapena ziurtatzeko eta euren beharrizanei erantzuteko tresna garrantzitsua dira, eta zerbitzuak eta ongizatea hobetzeko gakoak ere ematen ditu”, adierazi du udal gobernu taldeak. Era berean, gaineratu dute Abadiñoko Udala ez dagoela inongo zorpetze prozesuetan sartuta, eta, ondorioz, duen osasun finantzieroa ona da.
EAJ aurka
Jeltzaleak ostera, aurrekontuen aurka bozkatu dute. "Inposatutako aurrekontu hauen kontra gaude, Abadiño hobetzeko proposamenak egin genituen, bat ere ez da bertan jasotzen", azaldu dute ohar bidez EAJkoek. "Gainera gure auzoentzat beharrezkoak diren hobekuntzak aztertzeko inolako prestutasunik ez dagoela salatu nahi dugu", gehitu dute.