Ilusioz bizi dute Zelaieta herri eskolan astekariaren 500. alea. Ikastetxean egindako lanketa etorkizuneko kazetariengan interesa pizteko ekarpena izan daiteke. Momentuz, LH5eko eta LH6ko gazteak hedabideen mundura gerturatzeko eta ikastetxean egindako lanak zabaltzeko bide bat da. Gaur goizean, Jone Guenetxea ANBOTOko zuzendaria ikastetxe honetako proiektua ezagutzera joan da. Gazteekin argazkia atera eta gonbita luzatu die Iurretako tokiko hedabidearen bulegora bisitan joateko.
Esther Urueña Gonzalez irakaslea proiektuaren arduraduna da. 25 urte baino gehiago daramatzate aldizkaria kaleratzen. "Amara Berri sistemaren helburuetako bat ikasleek egindako lanak zabaltzea da. Horretarako, hedabideez baliatzen gara. Astekaria horretarako sortu genuen. Batez ere, geletan eta txokoetan egindako lanak argitaratzen ditugu. Eskolako berriak ere zabaltzen ditugu. Bigarren zikloko lanak ere kaleratzen ditugu. Telebistaren arloan, asteko berri interesgarrien bilaketa eta laburpena egiten dute, besteak beste. Txikibloga ere badaukagu, astekarian zein telebistan egindako lana zabaltzeko", azaldu du Urueñak.