Soineko zuria jantzita iratzartu da Urkiola

Anboto 2025eko azaroaren 21a

Anbotoko tontorrak denboraldiko lehenengo elur-malutak jaso zituen atzo. Gaur, Urkiola jagi da geruza zuriak jantzita. Urkiolako Hoteleko lantaldeak horrako argazki hori bidali dio ANBOTOri. 

Egun hotzak eta desatseginak izaten dabiltza kalean ibiltzeko, baina politak ere bai, Durangaldeko paisaia ezohiko kolore zuriarekin ikusteko. Urkiolak soineko zuria jantzi du gaur. Bertako Hoteleko kideek horrako argazki hori bidali digute, eta horrek gaurkoa ere egun hotza izango dela gogorarazi digu. 

Euskalmeten arabera, zerua erabat lainotuta egongo da gaur eta Durangaldeko tenperatura maximoa ez da 6 gradutik igaroko. Halaber, 2 gradukoak izango dira txikienak. Eguneko lehenengo zatian prezipitazioa izango da nagusi eta elur kota 400-500 metrotan kokatuko da. Arratsalde partean, apurtxo bat igoko da 700-800 metroetara. Haizeak ipar ukitua izango du.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!