Etxebizitza eta aparkaleku falta abadiñarren kezka nagusiak

Maialen Zuazubiskar 2025ko urr. 23a, 12:48

Mikel Urrutia,Asier Etxenike Aztiker enpresako kidea eta Edurne Maguregi prentsaurrekoan.

Herritarren gehiengoak ontzat hartu ditu udalak aparkalekuen arazoa konpontzeko harturiko neurriak. 

2023-2027 agintaldiak ibilbidearen erdia bete du dagoeneko eta herritarrek udalaren inguruan zein udalerrian egiten dabiltzan lanen inguruan duten iritzia ezagutzeko, udalak balorazio-inkesta bat egin du. Aztiker enpresak egin zuen inkesta, irailaren bigarren hamabostaldian, eta 395 herritarrek parte hartu zuten bertan. Gaur, inkesta horren emaitzak plazaratu dituzte. "Emaitzek erakusten dute herritarrek ondo baloratzen dutela hainbat alderdi, baina lanean jarraitu beharko dugu beste arazo batzuk konpontzeko", esan du gobernu taldeak.

Inkestaren arabera, herritarrek etxebizitza izendatu dute herriko arazo nagusi modura, eta baita aparkaleku falta ere. Horregaz lotuta, Traña-Matienako aparkaleku sistema berria egoki edo oso egoki ikusten dute parte hartzaileen % 60,3k, eta desegoki edo oso desegoki % 23,8k. Herritarren erdiek uste dute errazagoa dela gaur egun udalerrian aparkatzea.

Ordezkari politikoei buruz ere egin dute balorazioa. Mikel Urrutia alkatea (EH Bildu) hamarretik bederatzik ezagutzen dute eta 6,9ko puntuazioa du batez beste. Mikel Garaizabal (EAJ) herritarren % 76,3k ezagutzen dute eta 5,8ko puntuazioa du; Edurne Maguregi (AIB) herritarren % 53k ezagutzen dute eta 5,6ko puntuazioa du; Naiara Bildosola (EH Bildu) herritarren % 51,7k ezagutzen dute eta 7,1eko puntuazioa du; eta Francisco Antonio Campo herritarren % 41,2k ezagutzen dute eta 5,7ko puntuazioa du. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!