"Legegintzaldi amaieran HAPOa desblokeatuta izatea da helburua"

Anboto 2025ko eka. 17a, 12:23

Jose Luis Navarro, Edurne Maguregi, Mikel Urrutia eta Naiara Bildosola.

Gaur goizean EH Bilduk eta Abadiñoko Independenteak osatzen duen Gobernu Taldeak legegintzaldi erdiko balorazioa egin du. "Bi urte intentso izan dira, herritarren beharrizanak erdigunean jarrita herriarentzat garrantzitsuak diren gai estrategikoak jorratu ditugu. Gure ardatzetako bat herritarrekin eta gainerako taldeekin lankidetzan aritzea eta adostasunak lortzea izan da", azaldu du Mikel Urrutia Abadiñoko alkateak.

Prentsaurrekoan azaldu dutenez, "herritarrak eta gardentasuna" gidalerro hartuta aritu dira urte bi hauetan lanean, eta etorkizunean ere horrela jarraituko dutela azaldu dute. "Teknikari eta talde desberdinen arteko lanarekin, Abadiño 2024-2027 Legegintzaldi Agenda definitu genuen. Eta metodologia horri esker, barne koordinazioa indartu da", esan dute Gobernu Taldeko kideek. 

Gainera, urte bi hauetan egindako hainbat proiektu zehaztu dituzte: psikobono eta bultzatu programei ekitea, oinarrizko zerbitzuak indartzea, aparkalekuen eta mugikortasunaren arazori heltzea eta kale batzuk oinezkoentzat egokitzea, besteak beste. Horrez gain, kanpo harremanak areagotu dituztela eta hainbat proiektutan URAgaz, Eusko Jaurlaritzagaz eta Bizkaiko Foru Aldundiagaz ere lanean dabiltzala azaldu dute.

Legegintzaldiko helbururik garrantzitsuena zein den galdetuta, 2015az geroztik paralizatuta dagoen, Hiri Antolamendurako Plan Orokorra desblokeatzea dela aitortu dute. "Legegintzaldi amaieran HAPOa desblokeatuta izatea da helburua. Ezer gertatzen ez bada, egingarria izan daiteke", esan du Urrutiak. "Legintzaldiko azken egunean HAPOa onartuta izatea gustatuko litzaiguke. Horrek  Abadiñoren etorkizuna markatuko du",  gaineratu du Jose Luis Navarrok.

Diagnosia eta erronkak

Bestalde, lanean jarraitzeko eta Abadiñoko beharrizanak detektatu asmoz, herritarregaz batera diagnosi bat egingo dutela azaldu dute. Horretarako, entzute aktiboan oinarritutako prozesu bat jarriko dute abian, eta bertan herritarrak partaide aktibo izatea da  udalaren helburua. Prozesu hau uda-udazken artean egingo dute. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!