Laguntzaile isila

Denboraldi amaieran fokuetako argiak amatatuko dira eta hemezortzi urteaan eskainitako funtzioari amaiera emango dio. Langile otzana, isila, preziatua, balio handikoa; dena ez baita irabaztea.

Taldeburuari irabazten laguntzea gehiago asebete duen ziklista izan da. Liderrek jasaten duten presioa bainoago izan du zeregin garrantzitsu batean munduko onena izatea. Argia, lasterketak interpretatzeko gaitasun paregabea duela erakutsi du ibilbide osoan zehar. 20 urterekin debutatu zuenetik, dena ez da arrosa kolorekoa izan. Duela bederatzi urte Algarven izandako eroriko larri batek ia gurpildun aulki batera eraman zuen. Une gogor horretan adorea eta indarra aterata, aurrera egitea lortu zuen (nola gainera!). Gaztetan erlojupekoan espezialista, nekez ahaztuko du profesionaletako lehen garaipena. Erromandian izan zen, bere urtebetetze egunaren bezperan, 23 urte zituela. Ordutik beste hamar erdietsi ditu, guztiak modu berean, bakarkako lanean. Alta, bere garaipenik handiena taldeburuei itzuli handiak irabazten laguntzea izan da, eta gehien bete duena. Nairo Quintana, Egan Bernal eta Geraint Thomas izan ditu lider. Movistarrekoarekin Giroa eta Vuelta irabazi zituen. Skyren garaian, galestarrari Tourrean gailentzen lagundu zion eta Ineoseko kolonbiarra Olinpora eraman zuen Tourrean eta Giroan. Bernalen lagun mina, 2020ko Tourra baino ez zuen utzi amaitu barik. Liderrak etxera bidea hartu eta bere ondoan egotea erabaki zuen. Bidaia zalea, hurrengoak nora eramango duen pentsatzen hasita egongo da. Atzera begira jarrita, harro egongo da egindakoaz, munduko onena izan baita. Urte berritik aurrera gazteei bere jakituria trasmititzeko astia izango du eta hori baliatu beharko lukete behe mailetan dabiltzan ziklista guztiek. Baina orbaintxo bat ikusten diot bere jardunari. Gure hizkuntza ikasten saiatu beharko luke, gazteek horrelako izarrek euskaraz hitz egiten dutela jakin dezaten. Zorionak, Jonathan.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!