Zer suposatu du gonbidapen horrek zuretzat?
Polita da horrelako gauza baterako zugaz akordatzea, euskararen enbaxadorea izatea ohorea delako niretzat, eta esango nuke edozein euskaltzalerentzat ere badela.
Euskaraldian zein modutan parte hartzeko asmoa duzu?
Ba, modu erraz eta natural batean, urteko 365 egunetan jokatzen dudan moduan, nire inguruan eta Euskal Herriko txoko eta bazter guztietan beti euskara hautatuta lehenengo aukera modura. Nire lehenengo berba euskaraz izaten da beti, eta egun hauetan berdina egiten jarraituko dut. Hala erakutsi zidaten aita-amek txikitan, eta berdin ahaleginduko naiz erakusten etxean semeei.
Euskarak zein leku du zure lanean?
Albaitaria naiz eta lan egiten dudan klinikan neu naiz euskal hiztun bakarra. Bitxia da ikustea zelan aldatzen den bezero batzuen jarrera kontsulta nigaz bada edo lankideekin. Denek dakite euskaraz egingo diedala hasieran, eta pozgarria da batzuek, euskaldunak ez direnek, euskaraz erantzuteko ahalegina egiten dutela ikustea. Gehiago gazteak badira. Gaur egun ume eta gazte guztiek dakite euskaraz, eskolan ikasita behintzat, eta, beraz, beti euskaraz hartuko ditut klinikan. Euskarari bere lekua egiten ahaleginduko naiz beti.
Eta zure egunerokoan?
Oso arraroa da niri erdaraz entzutea kalean. Euskarak guztiz betetzen du nire lekua eta nire espazioa egunerokotasunean. Euskaraz bizi naiz eta ingurukoak ere horretara animatuko ditut eurekin euskaraz eginda.
Abadiñarra zara. Herrikideak Euskaraldian parte hartzera animatuko zenituzke?
Zelan ez! Animatu eta gure hitzkuntzaren balioa eta garrantzia transmititzen ahaleginduko naiz. Ariketa eta gogoetarako egunak dira, baina garrantzitsuena mezua barneratzea da, eta jendea euskaraz bizitzera animatzea.
Zelan ikusten duzu euskararen egoera zeure herrian?
Zoritxarrez, geroago eta okerrago. Geroago eta gazte gehiago entzuten da kalean erdaraz, eta euskara maila ere pobretzen dabil. Gazteak dira etorkizuna, eta, alde horretatik, lanketa potolo bat egin beharko litzateke. Badago hain gaztea ez den jendea ere, euskaldun zaharra, kalean erdara hutsean dabilena, eta horiei begira ere egoki ikusten dut Euskaraldia, hizkuntza ohitura hori aldatzeko.