Abadiñoko Euskaraldiak bere hamaikakoa aurkeztu du

Anboto 2025ko urt. 12a, 14:42

"Udalerriko hainbat herritar esanguratsu batu dugu hamaikakoan. Arlo ugaritako hainbat kide dira, modu batera ala bestera euskaragaz lotura dutenak", azaldu dute Abadiñoko Euskaraldiko antolatzaileek.

Abadiñoko Euskaraldiak bere hamaikakoa aurkeztu du eguerdi honetan, Txanporta plazan. Hemendik eta Euskaraldira arte, hamaika herritar horiek arduratuko dira abadiñarrak hizkuntza ohiturak aldatzeko ariketa erraldoira gerturatzeaz. "Udalerriko hainbat herritar esanguratsu batu dugu hamaikakora. Arlo ugaritako kideak dira, modu batera ala bestera euskaragaz lotura dutenak", azaldu du Amaia Huarte Abadiñoko Euskaraldiko kideak.

Gaurkoa izan da hamaikakoak jendaurrera irten duen bigarren aldia, joan zen abenduaren 20an Traña-Matienan aurkeztu zuten-eta lehenengoz. Honako herritar hauek osatzen dute Abadiñoko hamaikakoa:

  1. Amaia Munitxa: Fisioterapeuta eta Taberna Zarreko kidea.
  2. Edu Mendizabal: Sokatira taldeko entrenatzailea.
  3. Mariaje Sarrionandia: Zelaietako pediatra.
  4. Ana Agirre: Zelaietako estankoko saltzailea.
  5. Binta Badiane: Sukaldaria eta euskara ikaslea.
  6. Alex Ferrero 'Ferre': Abadiñoko Futbol Taldeko entrenatzailea.
  7. Aintzane Mendiola: Abadiñoko Institutuko irakaslea.
  8. Ibon Lasuen. Abeltzaina.
  9. Ekaitz Herrera: ANBOTOko kazetaria eta Isiotu Kultur Elkarteko kidea.
  10. Ainhoa Gangoitia: moda diseinatzailea Amalur proiektuan.
  11. Zigor Iturrieta: sukaldaria eta telebista aurkezlea.

Abadiñoko Euskaraldiko kideek helburu argia markatu dute: udalerrian euskararen erabilera sustatzea, lehenengo berba euskara izatea bermatzea eta euskararik ez dakitenak hizkuntzara gerturatzea. "Konplexuak albo batera utzi eta euskara bultzatu behar dugu", nabarmendu du Huartek.

Hamaikakoaren aurkezpen ekitaldian ere, honako beste hauek ere aipatu dituzte egitasmoaren bultzatzaileek: "Euskaraldia bi urterik behin egiten gabiltza, baina hori tanta txiki bat da ozeanoan; itsasoa tantaz tanta betetzeko, ezinbestekoa dugu euskara, urte birik behin barik, egunero-egunero erabiltzea. Hizkuntza larrialdi egoeratik ateratzeko, kontzientzia hartu behar dugu lehenik, eta erabili. Lehenengo berba beti euskaraz", adierazi dute. Era berean, euskararen kontrako oldarraldia ere izan dute ahotan, "bai judiziala, baita euskarafoboa ere". "Alde horretatik, beharrezkoa da euskaldunok ahalduntzea eta gure eskubideak defendatzea", esan dute.

Motorrak berotzeko hitzordu bi

Abadiñoko Euskaraldiko kideek batzar ireki bi egingo dituzte hemendik eta maiatzera bitartekoak prestatzeko. Lehenengo jardunaldia Txanporta Kultur Etxean egingo dute, urtarrilaren 20an, 18:00etan. Bigarrena Errota Kultur Etxean izango da, urtarrilaren 21ean, 18:00etan. 

Euskaraldia maiatzaren 15etik 25era egingo da Euskal Herri osoan zehar.

Abadiñoko hamaikakoko kideak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!