Abadiñoko Udalak 13.235.000 euroko aurrekontua onartu du 2025erako. "2025eko aurrekontuak lantzeko prozesua, bi hilabeteko prozesua izan da. Batzordeetan, gainontzeko alderdiegaz eta langileegaz, besteak beste, landutako prozesua", azaldu zuen martitzeneko osoko bilkuran Unzalu Salterain EH Bilduko zinegotziak. Bertan Salterainek jakitera eman zuenez, inbertsioetarako 400.000 euro bideratuko dituela udalak eta proiektu nagusienetarikoa Sagastako errepidea konpontzea izango dela, "lehenbailehen" egin beharreko lana da.
Bestalde, Astolako kiroldegiaren gaiari heltzea ere lehentasunezko gaia izango dela esan zuen Salterainek. "Astolako kiroldegiak urtean 600.000 euroko defizita dauka, eta defizit horri heltzea lehentasunezko lana izango da".
"Abadiñoko errealitateari lotutako aurrekontua da, onerako zein txarrerako. Gainera, azpimarratu nahiko nuke 70 elkarteri diruz lagunduko diola udalak, eta hori Abadiñon herrigintza birizik dagoenaren seinale dela, aberasgarria da. Bestalde, nabarmendu gura nuke ogasun batzordean ez dela egon kontrako bozkarik, ta hori garrantzitsua da", gaineratu zuen Salterainek.
Jose Luis Navarro Abadiñoko Independienteen bozeramaileak, aurrekontuak udal bateko "konturik garrantzitsuenak" direla esan zuen, eta "herriaren alde, denak elkarlanean", lan egitearen garrantzia azpimarratu zuen.
Jeltzaleak abstenitu, PSE-EE kontra
EAJko kideak, berriz, abstenitu egin ziren. "Hein handi batean aurrekontuen alde gaude, baina puntu batzuk baditugu honen kontra. Gure ustez, inbertsioetarako dirua justu-justu koadratu da eta udaletxearen inbertsio kapazidadea murriztu egin da. Beraz, abstenitu egingo gara", esan zuen Iñaki Rekalde EAJko kideak.
PSE-EEko Patxo Campok, berriz, aurrekontuaren kontra bozkatu zuen. "Egia da lan asko egin dela, eta gauza batzuk egin direla. Baina zerga eta tasen igoeragaz ez gaude ados. Uste dugu biderik errezena hartu duezuela. Gainera, genero ikuspuntua ez da landu", kritikatu zuen Campok.
Campori erantzunez, Unzaluk argitu zuen zerga eta tasa batzuk "egokitu" egin dituztela. "Ez da egia zergak igo ditugula, ez dugu igoera jeneralizaturik egin. Zerga batzuk egokitu ditugu, izan ditugu-eta tasa batzuk urte luzez egokitu gabe. Gainera, baliabide gutxiago dutenek, gutxiago ordainduko dute".
Bestalde, EH Bilduko Naiara Bildosolak jakinarazi zuen, aurrekontuetan genero ikuspegia lantzeko irailean zenbait enpresegaz harremanetan jarri zela, baina esan ziotela horrelako lanketa bat egiteko denbora behar dela. "Beraz, datorren urtean lantzen hasi eta ganoraz egitea erabaki dugu", gehitu zuen.