Abadiñoko Udalak etxebizitzak alokatzeko laguntzak arautzen dituen ordenantzan eguneraketak egingo dituela iragarri du prentsa oharrean. 18 eta 35 urte bitarteko gazteei (biak barne) bideratuko zaizkien laguntzak sailkatzen dituzten taulan egin dituzte eguneraketak. Lanbide Arteko Gutxieneko Soldata eta KPIaren igoera kontuan hartu dituzte.
Eguneraketa horiek egingo badira ere, Abadiñoko Udalak epe ertainera Etxebizitza Plana idazten hasteko lehen pausoak egin ditu. Herriko metabolismo demografikoaren eta etxebizitza beharraren azterketa egingo du, halako lanetan aditua den enpresa bat kontratatuta. Azterketa sakona izango da, Abadiñok sektorean duen irudi bat eskainiko duena.
Hamabi asteko lanketa izango da, eta 15.000 euro (BEZ barik) inbertituko diraproiektuan. Etxebizitza Plana, besteak beste, gazteen emantzipazio-prozesuetarako prestatuko da, udalbatzak Legegintzaldi Agendan zehaztu zuen bezala.
Azterketak hainbat puntu izango ditu. Alde batetik, analisi demografikoak eta sozioekonomikoak egingo dira, prospektiba bat eginez eta biztanleriaren jarduera tasa, langabezia tasa edo okupazioa neurtuta. Bestetik, etxebizitzen beharrari, horien merkatuari (alokairua eta erosketa) eta Abadiñoko etxebizitza-parkeari buruzko azterketak egingo dira.