Abadiñoko EAJk dioenez, EH Bilduk eta Independenteek "ezingo dute Legealdi Plana bete"

Anboto 2024ko eka. 13a, 09:02

EAJk Legealdi Planaren kontra bozkatu du "ekonomikoki bateraezina" dela iritzita. Jeltzaleen arabera, dokumentuan jasoriko inbertsioak "ezin izango dira garatu", eta horrenbestez, gobernu taldeak esku artean daukan planifikazioa "norabiderik eta helburu argirik bakoa" litzateke.

Mikel Garaizabal bozeramaileak kritikatu duenez, Legealdi Plana "urtebete berandu" dator: "Zertan oinarrituta aritu dira lanean azken hilabeteetan?", galdetu du. "Agerian geratu da gure udalerrirako proiektu argirik ez dutela", adierazi du Garaizabalek. Arlo ekonomikoari erreparatuta, dokumentuan jasotako proiektuen batura 11.120.000 eurokoa dela dio EAJk. “"Gaur egun, diruzaintzako likidoa 2.151.842 eurokoa da; 9 milioi euro inguruko aldea dago aurreikusitakoaren gastuaren eta saldo erabilgarriaren artean. Horri gehitzen badiogu datozen bi urteetan ez dela aparteko diru-sarrerarik aurreikusten, EH Bilduk eta Abadiñoko Independente Berriek ezin izango dituzte konpromisoak bete", argudiatu du EAJk.

Bestalde, EAJk beste hainbat arrazoi eman du Legealdi Planaren kontra bozkatzeko: lehentasuntzat jo du saneamendua hobetzea, baserriak ur hornidura orokorreko sarera batzea eta hirigintza-irisgarritasuna hobetzea. Bigarrenik, Hiri Antolamendurako Plan Orokorrari dagokionez, gobernu-taldearen lan egiteko moduak kritikatu dituzte. Garaizabalen iritziz, gobernu taldea "alde bakarrez" dabil plana lantzen.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!