Abadiñoko PSE-EEk "berba ez betetzea" leporatu dio Jose Luis Navarrori

Anboto 2024ko eka. 3a, 12:42

"Guztiz zilegi da plenoetara eta batzordeetara joateagatiko ordainketak jasotzea, baina horrek erabat errefusatzen ditu Navarrok bere ordezkaritzak udalean kosturik eragingo ez zuela-eta esandakoak", adierazi du Patxo Campok.

Abadiñoko PSE-EEko Patxo Campo bozeramaileak "berba ez betetzea" leporatu dio Abadiñoko Independente Berriak taldeko Jose Luis Navarrori. Camporen arabera, Navarrok "hainbat alditan" adierazi du haren "udalgintzako lanak ez zuela kosturik eragingo udaletxeko diru-kutxan". Alabaina, hori ez dela horrela uste du bozeramaile sozialistak. "Guztiz zilegi da plenoetara eta batzordeetara joateagatiko ordainketak jasotzea, jakina. Baina horrek erabat errefusatzen ditu [Navarrok] bere ordezkaritzak udalean kosturik eragingo ez zuela-eta esandakoak". "Independente barik, udalerriko aurrekontuaren menpeko direla dirudi", gaineratu du.

Era berean, PSE-EEko bozeramaileak Edurne Maguregi alkateordearen soldata kritikatu du, berau Mikel Urrutia alkatearena baino altuagoa dela-eta. "Kuriosoa da. Gainerako herrietan gutxi izango dira alkateak baino ordainsari handiagoa jasotzen duten alkateordeak", esan du.

Informazio hau guztia "iritzi publikora zabaldu" behar dela uste du Campok, "Abadiñoko Independente Berriak taldearen promesak bete ez direla-eta". Gaineratu duenez, kopuruok edozein herritarrek kontsultatu ditzake udaletxean.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!