Urte hasieragaz batera aurrekontu berriekin martxan jartzeko asmoz, Abadiñoko Udaleko osoko bilkuran 2024ko aurrekontuak onartu zituen atzo. Udalak 12.457.071 euroko aurrekontua onartu du datorren urterako, EH Bilduren, Abadiñoko Independente Berrien eta PSE-EEren aldeko botoekin. EAJ abstenitu egin zen. "Prozesu honetan, denen parte hartzea eta lankidetza egon dira. Guretzat oso garrantzitsua da hori. Horrela lan egitea onuragarria da abadiñar guztientzat", adierazi zuen Mikel Urrutia alkateak.
Osoko bilkuran, EH Bilduko Unzalu Salterain zinegotziak azaldu zituen aurrekontuak. "Gastu arruntetan eguneratze garrantzitsu bat izan da, %12ko eguneratzea. Gastuak eguneratu barik egon dira eta datozen urteetan beste horrelako eguneratzerik ez egotea espero dugu, eta inbertsioetarako diru gehiago izatea, esaterako", adierazi zuen Salterainek.
2024an, inbertsioetako diru atalik handiena Gerediagako ur hornidurarako proiektuak eramango du. Udalak 300.000 euro ipiniko ditu proiektu horretarako. Bestalde, 25.000 euro Gazteluko ermita konpontzeko erabiliko dituzte, eta 130.000 euro aurrekontu parte hartzaileetarako. "Hauek dira momentu honetako inbertsio nagusiak, baina ikusi egin beharko da martxo amaieran 2023ko gerakinean zenbat diru dagoen, eta zer beste proiektu gauzatu dezakegun", gaineratu zuen Salterainek osoko bilkuraren ondoren.
Bestalde, Jose Luis Navarro Abadiñoko Independente Berriak taldeko kideak azaldu zuen udala Udalkutxak emaniko diruaren menpe dagoela, eta "zuhurtziaz jokatu" eta udala bera autosufizientea izan beharko litzatekeela nabarmendu zuen.
PSE-EEko Patxo Campok esan zuen aurrekontuak ezinbestekoak direla abadiñarren bizi kalitatea hobetzeko, eta datozen urteetara begira oinarrizko sei zutabe kontuan hartzeko eskatu zuen.
Jeltzaleak abstenitu egin ziren bozketan. "Abstenitu egin gara denen ongia lehenetsi dugulako eta ulertzen dugulako udalak kontuak behar dituela herritarren bizi kalitatea eta udalak ematen dituen zerbitzu publikoak hobetzen jarraitzeko", azaldu zuen ohar baten bitartez Mikel Garaizabal EAJren bozeramaileak.