Maila pertsonalean, zelan alkate karguan?
Alde batetik, ardura handiagaz hartu dut kargua. Herritarrek dituzten zalantzak, kezkak eta konpondu beharreko egoerak askotan nigana heltzen dira eta, taldekideekin kontsultatu dezakedan arren, azken erabakia neurea da. Maila pertsonalean ilusioz hartu dut postua. Urte askoan egon naiz udal dinamikara lotuta. Azken legegintzaldian liberazio erdigaz egon nintzen eta udala hobeto ezagutzeko balio izan zidan. Orain, aukera izateak pentsatzen dugun hori aurrera eramateko ilusioa ematen du. Beste aldetik, maila emozionalean, lehen askatasun handiagoagaz ibiltzen nintzen herrian familiakoekin eta lagunekin. Gaur egun, edozein momentutan edozeinek galdetu edo komentatu diezazuke zer edo zer.
Bere sasoian, Jose Luis Navarro gobernuan egon zenean, pleno askotan tentsioa igartzen zen zuen artean. Orain gobernua osatu duzue. Sasoi hartan gatxa izango zen egunen batean elkarregaz gobernatuko zenutela imajinatzea. Hartu-eman hori zelakoa da gaur egun?
Politikagintzan azken urteotan gertatzen ari diren gauza batzuk pentsaezinak ziren orain 10 urte. Baina politikan aldaketa sakonak gertatu dira. Uste dut horrek ere eragina duela Abadiñon sortu den elkarlan honetan. Egia da beste legegintzaldi batzuetan eztabaidak intentsoak zirela, eta prentsan ere bai. Hortik haratago, hartu-emana korrektoa zen. Gertatzen dena da bitarte horretan legegintzaldi bat egon dela. Lau urte horietan, bai EH Bilduk eta baita Abadiñoko Independente Berriak taldeko kideek ere gauza batzuetan bat egin dugu.
Zertan zaudete ados?
Ikusten genuen udal gobernuaren dinamika ez zela Abadiñok behar zuenaren neurrikoa. Lan egiteko moduan ikusten genuen eraginkortasunerako tartea zegoela, baita erritmo aldetik ere. Gauza asko, nahiz eta dirua izan, ez ziren aurrera irteten. Gobernuan sartu garenean ikusi dugu gainean egonda eta intentsitatea sartuta gauza batzuk lortzen direla. Gobernantza modu horretan hobetzeko gauzak zeudela pentsatzen genuen. Alde horretatik, ikuspuntu antzekoa genuen. Bestalde, herritarrentzat positiboa den beste gai bat herri kohesioa da. Auzoen idiosinkrasia honetan, pentsatzen dugu ibilbide ezberdinak dituzten talde bi elkarregaz lanean egoteak aurrerapauso interesgarriak ematea ekarri dezakeela.
Deigarri gertatu da Jose Luis Navarrok hirigintza arloa hartzea.
Berba egiten duzunean udala zelan kudeatu, ardurak banatu egin behar dira. Ikusi genuen bakoitzak non egin zezakeen bere ekarpena jakituriaren eta esperientziaren arabera. Horixe izan zen ikuspuntu bat batzorde eta ardurak banatzerako orduan. Dena dela, gero talde bakoitzak gauza batzuei ematen die garrantzia. Navarroren hasierako legegintzaldian, Matienan transformazio urbanistiko bat gertatu zen. Ikusten dugu gaur egun hainbat lekutan eman beharko liratekeela berritze horiek. Eta uste dugu Navarrok izan dezakeen esperientzia hori baliagarria izan daitekeela. Oraingoz, landu ditugun gaietan ados egon gara. Koalizioa egiterakoan, normala da errepresentazio txikiagoa duenari aukera ematea bere ideiak erakusarazteko.
Zeintzuk dira gobernu taldearen irizpide nagusiak legegintzaldi honetarako?
Guk lan ildoei buruz berba egiten dugu. Garrantzitsu ikusten dugu udalaren funtzionamendua bera hobetzea. Antolamendua era eraginkorragoan egin eta koordinazioa areagotu sailen artean. Pertsonal mailan, lantaldean hobekuntzak egiteko beharrizana ikusten dugu. Era berean, legegintzaldi eta komunikazio plan bat egiten ari gara eta oposizioko taldeak parte hartzera gonbidatu ditugu. Komisioen osaketan, batzorderen baten gidaritza hartzea proposatu diogu oposizioari. Parte hartze batzordea ere sortu gura dugu herritarrekin dugun hartu-emana indartzeko.
Proiektu zehatzei degokienez, zer aurreikusten duzue?
Herrian mugikortasunagaz ditugun arazoak konpondu gura ditugu hainbat auzotan. Zelaietan sinadura bilketa bat egin zen peatonalizazioa berraztertzeko, eta urrian ekingo diogu gai horri. Enpresa biren lana uztartuko dugu. Bata aditua da mugikortasunean, eta bestea prozesu parte hartzaileetan. Horrela, herritarren artean prozesu parte hartzaile bat martxan ipini gura dugu eta Gabonetarako denon artean erabakita izatea espero dugu. Peatonalizazio eredua berraztertzea da asmoa.
Mugikortasunagaz lotuta, aparkalekuarena da beste arazoetariko bat.
Adibidez, argi daukagu legegintzaldi honetako erronketariko bat Matienan aparkalekuagaz dagoen arazoa konpontzea dela. Muntsaratzen kasuan, dagoeneko diseinatuta dago proposamen bat mugikortasunari eta aparkalekuari begira, eta uste dut legegintzaldiko lehenengo zatian gauzatu ahal izango dela. Bestalde, Matienan mugikortasun plan bat egingo dugu zirkulazioa berraztertzeko.
Zein iritzi duzu Arrankurriko nagusien egoitzari buruz?
Kokapenagaz ez gaude ados. Aldundian araudi aldaketa bat egon zen eta horren eraginez Elorrioko eta Durangoko egoitzetan moldaketak egin zituzten espazioak handitzeko, eta plazak galduz. Plaza gehiago izateko, egoitza berria zein herritan egin zitekeen begira egon ziren. Next Generation diru funtsako diru laguntza jasotzeko, 2026rako eraikita egon beharko litzateke. Urgentzia horregaz ikusi zuten 1989ko arau subsidiarioetan bazegoela eremu soziosanitario bat Abadiñon, Arrankurrin. Beraz, ez da lekurik egokiena. Berez, askoz ere hobeto izango zen herrian integratuago egotea, eguneko bizitzan interakzio sozial gehiago izateko.
Badago margenik hori aldatzeko?
Ez. Planteatu genuen Abadiñobisko inguruan egin zitekeela. Esan digute dagoeneko hasi direla Arrankurriko proiektuagaz. Gure kezka adierazi genien, esanez Arrankurrin %5eko aldatsa dagoela eta gatxa dela gurpildun aulkiagaz han ibiltzea. Bestalde, kudeaketa publikoa izatea eskatu dugu.
Erronka demografikoa udalaren agendan dago?
Biztanleria geroago eta nagusiagoa da. Ildo horretatik, garrantzia eman gura diogu adin batetik aurrerako herritarren zerbitzuen hobekuntzari. Orain arte ongizate zerbitzua Mankomunitateak eraman du. Uste dugu zerbitzu horretatik haratago joan behar dugula, eta gobernu taldeak uste du inplikazio gehiago eta baliabide gehiago bideratu behar ditugula gai hori lantzeko. Gogoratu behar dugu Mankomunitateak oinarrizko gizarte zerbitzuak lantzen dituela. Beste esperientzia batzuk ikusi ditugu Usurbilen eta Hernanin, bakardadeari aurre egiteko: proiektu intergenerazionalak, zaintza komunitarioa... esate baterako.
Kultur arloan zein lan ildo ezarri dituzue?
Kultura ezberdinetako jendea bizi da Abadiñon eta kultur plan bategaz herritarren arteko elkar-ekintza hori sustatzea gura dugu. Gainera, aisialdiari lotuta, ludotekagaz eta gaztelekuagaz eraginkorragoak izan gura dugu.
Etxebizitza arloan zeintzuk dira Abadiñoren erronkak?
Baditugu udalaren jabetzakoak diren lursailak etxebizitza publikoak egiteko. Laster garatuko den sektore batean, Zelaietatik Muntsaratzera joanda, udalak aprobetxamenduan dituen hainbat etxebizitza bereganatuko ditu. Aukera izango dugu anbiziotsuak izateko etxebizitza politiketan.
Zelan topatu duzue igerilekuen egoera eta kudeaketa eredua?
Obra egin zuten igerilekuaren teilatu berrian eta abar. Baina, aldi berean, beste instalazio batzuk ez dira berriztu hiru urteko geldialdi honetan. Aldageletan sartu ginen eta berrikuntza batzuk egin genituen. Baina sotoan depurazio sistema zahartuta dago eta pare bat urtean 400.0000 euroko inbertsio bat egin beharko da. Orain arte Emtesportek gestio integrala eraman du, eta orain, urritik, enpresa berriak zerbitzuak ematen ditu. Kudeaketa eredua aldatu egin da. Trantsizio horretan auditoria sakonago bat egin zen. Defizientziak agertu ziren, baita depurazio sistemarena ere. Beste enpresak kudeaketa integrala zuenez, ez zuen hobekuntza askorik egin, eta horren eraginez egoera honetan jaso ditugu instalazioak. Beraz, orain enpresa juridiko bategaz aztertzen ari gara, igerilekuetako instalazioak gelditu diren egoeran, euren negligentziari zer inputatu ahal zaioan, epaitegietara joan edo ez erabakitzeko. Izan ere, diru asko joan da horretara.
IBIa jaistea proposatu zenuten. Zer gertatuko da orain?
Aurten kobratuko dena iazko urrian onartu zuen aurreko gobernuak. Guk erabakitzen dugunak 2024ko urriko fakturan eragingo du. Gure proposamena da etxebizitzen IBIa jaistea eta balio katastral handia duten industrietan apur bat igotzea. Bildutako dirua era beretsuan aurreikusten dugu. Bestalde, prezio publikoetan, beste herri batzuetan legez, etxebizitzetako bizikide eta sarreren araberako prezioak ipini gura ditugu, egora ekonomikoa ez dadin muga bat izan, adibidez igerilekuen kuotetan.
Zelan dago pediatria zerbitzua Abadiñon? Udalak zer egin dezake zerbitzu hori hobetzeko?
Abadiño beste herri batzuekin unitate berean antolatzen da. Herri horietan lau pediatra egotea aurreikusten da. Matienako plaza ez dago egonkortuta. Lehen, hiru pediatra zeuden eta egoera hobetu egin da, baina, hala ere, bajak ez dira kubritzen. Unitate horren arduradunagaz batzartu ginen eta esan zigun Osakidetzak asmoa duela Matienako pediatra plaza egonkortzeko; beraz, hori horrela bada oso positiboa izango litzateke. Batzar horretan bertan, Zelaietako osasun zentroa Txanportako atzealdera lekualdatzea mahaigaineratu genuen. Aurreko legegintzaldian, proiektua ez aurrera ez atzera geratu zen. Laster izango dugu bilera bat, obra hori egin ahal izateko. Medikuek ez dute leku fisikorik, espazioak partekatu egiten dituztelako. Fitxa berri guztiak Matienara bideratzen dira, leku faltagaitik. Esan digute nahiko urgentea dela beharrizan horri erantzutea, eta legegintzaldi honetan erantzun bat ematea espero dugu.