Legegintzaldi hasieran herritarren parte hartzean eta proiektu estrategikoak martxan jartzen jarri dute fokua Abadiñon

Anboto 2023ko urr. 3a, 15:47

Gaur eguerdian, Abadiñoko Udaleko gobernu taldeak legegintzaldi hasierako 100 egunen balorazioa egin du.

Bertan, Mikel Urrutia Abadiñoko alkateak bi taldeen (EH Bildu eta Abadiñoko Independente Berriak) arteko elkarlana azpimarratu gura izan du, baita parte hartzea sustatzeko ireki dituzten bide berriak ere. "Alde guztiak kontuan hartuta hobeto joango zaio Abadiñori, eta helburu horrekin ari gara lanean talde politiko guztiekin, udal teknikariekin eta herritarren hainbat sektorerekin. Hasi besterik ez gara egin, baina ilusioa eta lan egiteko gogoa ditugu, eta parte hartzeko bide berri gehiago eskaitzen jarraituko dugu Abadiño hobea lortzeko", azaldu du Urrutiak.

Legegintzaldi hasierako lehenengo 100 egun hauetan foku gai hauetan jarri dutela azaldu dute gobernu taldekoek: udal zerbitzuetan, herritarren parte-hartzean eta proiektu estrategikoak martxan jartzean.

Udal zerbitzuei dagokienez, Traña-Matienako eta Astolako bideen garbiketaren gaineko kontrola handitu dela azpimarratu dute, eta estolderia sarean garbiketa sakona egin dela, besteak beste.

Hirigintza proiektuei dagokienez, hainbat "proiektu garrantzitsu" berriro aktibatu dituztela azaldu du alkateak: Txirrinurrisolo eta Trañabarreneko urbanizazioaren proiektua, Zelaieta Herri Eskolako patioaren irisgarritasuna, Garbi-Tuercas industrialdea antolatzeko lanen proiektua eta San Trokaz Jubilatuen Elkartean dutxa jartzea, besteak beste. Horrez gain, denboraldi honetan 180.000 euroko obra egingo dela Astolako futbol zelaiko harmailen azpian jakitera eman dute, balio anitzeko aldagela berriak instalatzeko.

Edurne Maguregi alkateordeak, berriz, Abadiñok "udazken bizia" duela aurretik esan du. "Prozesu parte-hartzailearen bidez Zelaieta berrantolatuko dugu, hainbat auzoetako mugikortasuna eta aparkalekurik eza hobetzeko pausoak emango ditugu, eta azaroan aurkeztuko dugun Legegintzaldi Planarekin bat etorriz, 2024ko aurrekontuak egingo ditugu. Denbora honetan auzokideekin eseri gara, eta adinekoen elkarteekin elkarlanean ari gara", gaineratu du alkateordeak.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!