Ernai gazte antolamenduko kide batzuek errepidea moztu dute Traña-Matienako San Blas hotelaren parean. Biribilguneko sarrera-irteeretan kateatu dira, trafikoa oztopatu eta protesta egiteko. Ekintza horrekin, Espainiako Auzitegi Nazionalak Arabako Aitor Zelaia eta Galder Barbado gazteei ezarritako sententzia salatu gura izan dute. Hain zuzen ere, Durangaldeko Ernaik gaurko egunez "Euskal Herriko beste hainbat herritan egiten ari diren protesten markoan" kokatu du ekintza.
Bide mozketa 14:15 aldera egin dute, eta Ernaiko iturrien esanetan, gazteak "ordu erdian" egon dira trafikoa oztopatzen. Ertzaintza bertan izan da, eta protestan ari zirenak identifikatu ditu. Momentu honetan protesta bukatuta dago, eta Segurtasun Sailaren arabera ez dago trafiko arazorik inguru horretan.
Espetxe zigorrak
2021ean, Espainiako Auzitegi Nazionalak lau urteko espetxe zigorra ezarri zien Aitor Zelaia eta Galder Barbado arabarrei, "armak eta lehergailuak edukitzeagatiko delitua" egotzita. Auziaren abiapuntua, Ertzaintzak 2018an Dura herriko (Arratzua-Ubarrundia, Araba) industrialde batean topaturiko bidoi batean dago. Aurten, Auzitegi Nazionalak epaia berretsi eta gazte arabar biak espetxeratzea agindu du.