Arrankurri eremuan egitekoak diren egoitzarako “baldintza onenak” lortzen saiatuko da Abadiñoko Udala

Aritz Maldonado 2023ko uzt. 28a, 09:23

Agerraldia egin dute Mikel Urrutia Abadiñoko alkateak, Edurne Maguregi alkateordeak eta Naiara Bildosola zinegotziak adinekoentzako egoitza berriari buruzko azalpenak emateko. Bizkaiko Foru Aldundiak 120 plaza izango dituen egoitza eraikiko du Zelaieta auzoko Arrankurri inguruetan. Abadiñoko Independente Berriak eta EH Bilduk osatzen duten udal gobernu taldearen arabera hori ez da "eremu egokiena".

Mikel Urrutia alkatearen arabera, herri gunetik urrun egongo da eraikina, eta gainera, %6ko malda igo beharko dute erabiltzaileek bertara joateko. "Aldundiak argudiatu du proiektua dagoneko martxan zegoela Gorabide inguruan, eta ez du inolako malgutasunik erakutsi. Proiektua Europako Next Generation funtsen laguntzagaz finantzatuko dute, eta horretarako epe batzuk bete behar dituzte". Aste honetan Amaia Antxustegi Bizkaiko Foru Aldundiko Gizarte Ekintzako diputatuarekin egindako batzarrean beraien desadostasuna agertu zuten udal gobernu taldeko kideek. "Egoitzara iristea errazteko sarbideak egokitzeko lanak Foru Aldundiak bere gain hartu ditzan saiatuko gara", azaldu du Urrutiak.

Bestalde, Maguregik egoitzaren kudeaketa publikoa izan dadin eskatu du. "Paradoxikoa da kudeaketa publikoko zentro bat jartzea zerbitzuaren eta instalazioen kalitatearen adibide gisa, eta gero kudeaketa pribatuko egoitzak ugaritzea defendatzea".

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!