Abadiñoko EAJk kritikatu du liberazioek "8.077 euroko gainkostua" izango dutela

Anboto 2023ko uzt. 4a, 11:10

Kargu hartze eguneko argazkia.

"Populista iruditzen zaigu titular batean alkatearen soldata jaisten dela esatea", salatu dute jeltzaleek. 

Joan zen asteko osoko bilkuran udal ordezkarien liberazioak ezarri zituzten. Bertan, Mikel Urrutia alkatea (EH Bildu) lanaldi osoan ariko dela jakitera eman zuten, eta soldata 10.000 euro murriztuko zituela gaineratu. Edurne Maguregi (Abadiñoko Independente Berriak) izango da Abadiñoko alkateordea eta haren nomina ere txikiagoa izango zela adierazi zuten; baita oposizioko liberatu erdiarena ere. Horrez gain,  aurrekontuen birbanaketa horrekin liberazio erdi bat gehiago sortu dutela esan zuten.

EAJk gobernu taldeak hartutako neurriak kritikatu ditu eta liberazioek Udalari "8.077 euroko gainkostua" eragingo diotela esan dute. "Neurri populista iruditzen zaigu. Titular batean esaten da alkatearen soldata jaisten dela, baina, aldi berean, liberazio erdi bat sortzen da, alderdi politiko berdinarentzat. Ondorioz, alkateak egiten duena liberazioetarako zegoen dirua 8.077 euroan handitzea da", esan dute jeltzaleek.

Horrez gain, soldatetan "homogeneotasun irizpideak" aplikatu behar direla azaldu dute jeltzaleek. "Ez da normala Abadiñoko udaletxeko administratzaile batek alkatearen urteko soldata gordinaren ia berdina izatea. Uste dugu soldata karguaren erantzukizunean oinarritu behar dela", bukatu dute. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!