Gaur goizean osoko bilkura egin dute Abadiñoko Udalean, eta osoko bilkurak kargu politikoentzako aurrekontuari eustea onartu du. Udal ordezkarien liberazioak honako hauek izango dira: Mikel Urrutia alkatea (EH Bildu) lanaldi osoan ariko da eta urtean 47,272 euro gordin kobratuko ditu. Urrutiak 10.000 euroan murriztuko du soldata. Edurne Maguregi (Abadiñoko Independente Berriak) izango da Abadiñoko alkateordea, lanaldi osoan. Maguregik ere nomina txikiagoa izango du eta urtean 43.000 euro gordin kobratuko ditu. Gainera, lehenengo aldia izango da emakume batek ardura hori duela Abadiñoko Udalean.
Bestalde, aurrekontuen birbanaketa horrekin gobernu taldeak %50eko dedikazio partzialeko bigarren pertsona bat gehitu ahal izango du, eta hori Naiara Bildosola (EH Bildu) izango da. Bildosolak 21.500 euro gordineko soldata izango du. Baita, oposizioko kide batek (EAJ).
"Soldatak jaitsita, guztizko gastuari eutsita, lehentasunezkoak diren eta hobetzeko konpromisoa hartu dugun arlo horietan guztietan herritarren beharren zerbitzura lan egiteko dedikazio partziala izango duen beste pertsona bat sar dezakegu", azaldu du Mikel Urrutia alkateak.
Bestalde, gaurko plenoan zehaztu dute osoko bilkurak hileko azken martitzenetan, 19:00etan, egiten jarraitzea. Hauek izango dira bozeramaileak: Naiara Bildosola (EH Bildu), Jose Luis Navarro (AIB), Mikel Garaizabal (EAJ) eta Javier Crespo (PSE-EE)..