Udaletik jakitera eman dutenez, bai beraientzat baita ikastetxearentzat lan hauek lehentasunezkoak dira, eta 144.854 euroko inbertsioa izango dute (BEZ barik). Enpresa interesdunek uztailaren 19ra arte aurkeztu ahalko dituzte beraien eskaintzak.
"Justifikaziorik barik atzeratzen joan den oso proiektu garrantzitsua da, eta horregatik, lehentasuna eman gura izan diogu. Hezkuntza sailaren diru-laguntza jaso ahal izateko, obrek urtea amaitu aurretik bukatuta egon beharko dute. Hori dela eta, egoera ikastetxeko zuzendaritzarekin eta IGEarekin baloratu eta gero, ahalik eta azkarren martxan jartzea erabaki dugu. Ikasturtearen hasierarekin bat etorriko denez, lanen plangintza egokiena eta obraren garapenerako segurtasun-neurri gehigarri guztiak baloratuko ditugu", azaldu du Mikel Urrutia alkateak.
Bestalde, udan, inklusibitate-irizpideak erabilita, jolasgunea eraberrituko dutela jakitera eman dute. Jarduketa horrek 25.228 euroko aurrekontua eta 10 eguneko egikaritze-epea ditu.