Elkarrekin Podemosek Traña-Matienako kaleetara irten zuen atzo arratsaldean, ekitaldi politikoa egitera. Talde moreak Abadiñoko herrian dauden zerbitzu "gabeziak" kritikatu zituen. "Abadiño noraezean doan herria da, eta desegiten ari dira", azaldu zuen Alfonso Arroyo zerrendaburuak Arroyok. eguneko zentroa, adinekoentzako egoitza eta ludoteka ipini zituen herrian "falta" diren azpiegituren artean. Instituturako sukalde bat ere eskatu zuen, eta azpimarra berezia egin zion osasun arloari: "Ez ditugu osasun zerbitzuak bermatuta: ez Lehen Mailako arreta, ezta pediatriako eta ginekologiako larrialdiak Galdakaoko ospitalean ere".
Ekitaldiaren bukaeran, Arroyok hautetsontzietara joatera deitu zituen herritarrak. "Guztiok zarete beharrezkoak", azaldu zuen.
Lehen sektoreari buruz, Durangon
Durangoko Elkarrekin Podemosek landa eremua eta elikadura subiranotasuna bultzatzeko neurriak hartu gura dituela iragarri du. David Hernández hautagaiaren arabera, "Durangon eta Mankomunitatean beste negozio eta inbertsio batzuk lehenetsi" dira, "lehen sektoreari eta bere katearen balioari jaramonik egin gabe". Hori dela eta, ekintzaileei lur publikoak eskaintzea, aprobetxamendu agroekologikorako plan bat egitea, udal-ortuak sortzea eta hiri espazioetan frutak eta barazkiak ekoizteko lekuak ipini gura dituztela aurreratu dute.