Udal eta foru hauteskundeak

Abadiñoko Elkarrekin Podemosek gobernu taldearen "kudeaketa txarra" salatu du

Anboto 2023ko mai. 16a, 09:53

"Abadiñok eta bertako jendeak errespetu handiagoa behar dute. Gure beharra dute", azaldu dute Elkarrekin Podemoseko kideek. 

Abadiñoko Elkarrekin Podemosek prentsa oharra bidali du gobernu taldearen "kuadeaketa txarra" kritikatzeko. Bertan azaldu dutenez, abadiñarrek  eta Abadiñok "errespetu handiagoa" behar dute. "Zergatik diogun hau? Ez da Abadiñotik asko ibili behar, ikusteko kudeaketa txarra zer den. Guk 500 metro baino gutxiagoan hiru adibide topatu ditugu", esan dute. 

Podemosekoen hitzetan, maiatzaren 24an zabalduko den zubi berriak "hainbat kalte" ekarriko dizkio herriari, "kudeaketa txarragatik". "Lebario-Gerediagako biribilgunea funtsezko puntua da Durangaldeko errepideen konektibitatean, eta Trañapadura industrialderako sarbidearen lotura-puntu logikoa hori izango litzateke. Baina gobernu taldearen gestio txarraren ondorioz, lotura hori biribilgunea baino metro batzuk lehenago egin behar da", jarraitu dute. Industrialderako sarrera Durangotik Berrizerako bidean, biribilgunera heldu baino lehen egongo da. Beraz, norabide horretatik ez datozen ibilgailuek, San Blaseko biribilgunean buelta eman beharko dute.  

Bestalde, zubi berrira heldu orduko, N634 errepidean dauden etxebizitzei, Elorriagazar etorbideko 2 eta 4 zenbakidunei, bigarren solairuko leihoetaraino egur trinkozko hesiak jarri dizkietela salatu dute. "Bizilagunak iluntsasunean eta abandonuan hondoratu dituzte", gaineratu dute. 

Bukatzeko, Lebarioko industialdean lan egiten duten eta lanera oinez doazen bizilagunek "tranpa hilgarri" batekin topo egiten dutela salatu dute Podemosekoek. "Sestradun bihugune baten erdian desagertu egiten da espaloia, eta galtzadara irten behar da. Ez da fundamentuzko ezer egin arazo hori konpontzeko", gehitu dute. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!