Abadiñoko Udalak eskatuta 2022an egindako auditoretza teknikoaren ondorioen berri eman du EH Bilduk. Horren arabera, "instalazio elektrikoan 2020an detektatutako akats larriak konpondu gabe daude, suteen aurkako detekzio sistema erabat amatatua dago eta suteak amatatzeko sistemak mantenurik gabe”. Halaxe salatu du EH Bilduk. Nabarmenduz, Astola Kiroldegian ez direla bete "gutxieneko segurtasun baldintzak", hainbat arlotan.
"Udal gobernu batek, batez ere bereak diren instalazio publikoetan, herritarren segurtasuna bermatu behar du, eta hori ez da gertatu Astolako kiroldegian. Hau oso larria da", nabarmendu dute ohar baten bitartez.
EH Bilduk azaldu du azpikontratatuta dauden zerbitzuen kontrol eta jarraipen handiago eskatu dutela hainbat urtetan. "Hala ere, Astolako kiroldegia kudeatzen zuen enpresak kontratuko hainbat baldintza betetzen ez zituela jakitun izan arren, teilatua bera guztiz herdoiltzeraino, udal gobernuak bi alditan berriztu dio kontratua enpresa horri. Ez hori bakarrik. Gimnasioa baino ez denean irekita egon, enpresak mantenuari dagozkion hainbat lan egin gabe jarraitu du, eta udalak ez du egin beharreko kontrolik egin", argitu dutenez.
Kualizio subiranistaren esanetan udalak baditu beste ardura batzuk segurtasuna bernatzeaz gain. "Hala nola, herritarron dirua ondo kudeatzea. Bada, orain arte hiru milioi eurotik gora bideratu ziren erakunde publikoetatik, sortutako arazo guztiak konpontzeko". Horregaz lotuta, EH Bilduk salatu du Abadiñoko Udalak ez diola Emtesport enpresari, "kalteordain bakarra ere" eskatu. "Argi dugu horretarako aukera dugunean, orain arteko guztia aztertzeko txosten teknikoak egingo ditugula eta dagokion diru kopurua exijituko diogula enpresari".