Hezkuntza komunitatetik abiatutako parte hartze prozesuaren bidez zehaztutako Zelaietako jolastokiaren eraberritzearen proiektua ahalik eta arinen gauzatzeko eskatu dio EH Bilduk gobernu taldeari. "Lanak uda hasieran hasteko eskatzen dugu, ikasturtean zehar ahalik eta eragin gutxi izateko", azaldu dute oposizioko kideek. Horrez gain, Hezkuntza Sailak jolastoki inklusiboak egiteko onartutako dirulaguntza jaso ahal izateko, lanak abenduaren 31a baino lehen bukatuta egon behar dutela jakinarazi dute.
"Gogora ekarri nahi dugu, azaroan, udal aurrekontuei egindako emendakin batean EH Bildutik diru partida bat proposatu genuela jolastokia eraberritzeko, eta udal gobernuak ezetz bozkatu zuela. Erabaki horren ondorioz, diru partida sortu ahal izateko, 2022ko aurrekontuaren likidazioari itxaron behar diogu. Bada, udal teknikariekin kontrastatu ondoren, likidazioa egunotan bukatuta egongo da, eta borondate politikoa izanez gero, garaiz gaude, jolastokiko lanak udan egin ahal izateko", gaineratu dute.