Abadiñoko EH Bildu erresidentziaren alde dago eta honen kudeaketa publiko izateko lan egingo dutela azaldu dute

Anboto 2023ko mar. 1a, 13:57

Abadiñoko EH Bilduk udalaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren arteko hitzarmenaren aldeko bozka eman du. 

Bizkaiko Foru Aldundiak nagusien egoitza bat eraikiko du Abadiñon mendekotasuna duten adinekoentzat. Atzoko osoko bilkuran udalaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren arteko hitzaremenaren aldeko bozka eman zuen EH Bilduk. "Abadiñon 60 urtetik gorako 1.900 herritar ditugu, eta pertsona nagusien kalitatezko zaintza eta bizitza aktiboa lehentasunezko gai bat da guretzat", azaldu dute EH Bilduko zinegotziek. 

Gainera, Abadiñorako zaintza sistema integral baten baitan, erresidentzia bat izatea tresna baliagarri bat bezala ikusten dute oposizioko kideek, eta "zerbitzu hau ahalik eta hoberen izateko lan egiten" ari direla azaldu dute. Bestalde, erresidentziako kudeaketa publiko izatea eskatzen dute EH Bilduko kideek. "Helburua erabiltzaileei kalitatezko zerbitzu bat ematea izan behar da. Enpresak tartean daudenean, irabazi ekonomikoek zerbitzuaren helburuak lausotzen dituzte", gaineratu dute.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!