2020 amaieran EAJk eta Abadiñoko Independienteak taldeek osatutako gobernu taldeak 2020-2023 aldirako bere Aginte Plana aurkeztu zuen. Plan horrek lehentasunezko 71 neurri jasotzen zituen eta gaur jakitera eman dutenez, jarduketen %86a burutu dira edo gauzatzen ari dira. "Helburu jakin batzuk lortu gura genituen, eta ez ditugu inoiz bisitatik galdu. Herritarrentzat lehentasunezkoak ziren jarduketa horiek betetzen joateko egin dugu lan. Edozelan ere, lanean jarraitzen dugu eta gainerako proiektu aurrera jarraitzen dute", azaldu du Mikel Garaizabal alkateak.
Planak 11 ardatz ditu eta euretako askotan hainbat jarduera dagoeneko eginda daude.Hirigintza arloari dagokionez, 15 jarduketetatik 11 bukatuta daudela jakitera eman dute. Arlo honen barruan hainbat proiektu azpimarratu ditu Javier Crespo alkateordeak: hiri-zeharbide bihurtuta dagoen Muntsaratz-Zelaieta errepidearen berrurbanizazioa, bidegorri sarearen hobekuntza eta interkonexioa, eta amaitzear dauden Trañapadurako zubi berriaren lanak. Gainera, datozen asteetan Astolako igerilekuak zabalik egongo direla jakitera eman du Crespok.
Horrez gain, kultur jarduerak eta kultur etxeen erabilera arautzeko ordenantza berriak egin direla, gazteekin diagnostikoa egin dela eta Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako III.Plana martxan jarri direla, besteak beste, azaldu dute.
Bestalde, herritarrei agintaldi planaren berri emango diotela azaldu dute, etxez etxe berau banatuz. Gainera, herritarregaz hiru batzar egingo dituztela azaldu dute, bata Zelaietan, bestea Traña-Matienan eta hirugarrena Muntsaratzen. "Honek gardentasun maila bat erakusten du", gaineratu du Garaizabalek.