"Ziklo berri bat hasi eta igerilekuan behar den jarraipena eginez herritarrei kalitatezko zerbitzu bat emateko gogoz gaude"

Anboto 2023ko ots. 9a, 15:27

Abadiñoko EH Bilduko kideak igerilekuko lanak ikuskatzen egon dira, obrako zuzendaritzarekin eta udal teknikariekin batera.

EH Bilduko kideek azaldu dutenez, igerilekuak aldaketa nabarmenak izango ditu. Aurrekoarekin alderatuta askoz ilunagoa izango da, guztiz itxia izango da, eta gimnasiotik ez da igerilekua ikusiko. Udan soilik lau ate zabalduko dira, berdegunetik igerilkura sartzeko.

Bestalde, estalki berriaren mantenua errezagoa eta energia kontsumoari dagokionez eraginkorragoa izango dela azaldu dute.  Hala ere, teilatuaren diseinuagatik eguzki panelak ezingo direla jarri adierazi dute.

"Urte hauetan guztietan egin dugun bezala, dena ongi irtetea nahi dugulako, obraren eta kudeaketaren gainean egoten jarraituko dugu. Instalazioen eta zerbitzuen kontrol egokia eramanez. Gainera, igerilekuetan gertatutakaoren ikerketan aurrerapausoak emateko lan egiten jarraituko dugu, Abadiñoko herritarrentzako diru asko baitago jokoan", gaineratu dute.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!