Abadiñoko Independenteak ez dira maiatzeko udal hauteskundeetara aurkeztuko

Anboto 2023ko urt. 26a, 12:42

Egungo zinegotziak.

24 urteko ibilbidearen ostean Abadiñoko Independenteak alderdiak desegiteko erabakia hartu du.

Prentsa ohar bidez jakitera eman dutenez, 2023ko udal hauteskundeetan ez dira Abadiñoko Independenteak aurkeztuko. Gainera 24 urteko ibilbidearen ostean, taldea desegitea erabaki dutela jakitera eman dute. Abadiñoko Independenteak zortzi urtez egon dira oposizioan eta 16 urtez gobernuan. Sei legegintzaldi guztira.

“Aldi honetan guztian Abadiño eraldatzea lortu dugu, azpiegitura eta zerbitzu berriekin hornitu dugu, baina, batez ere, guztiontzat lagunkoiagoa egin dugu, bizi-kalitate handiagoa duen herria, zalantza barik”, azpimarratu dute. “Gure ustez, belaunaldien arteko erreleboa eman behar da, aurpegi, ilusio eta proiektu berriekin, talde on bat eratu ahal izateko, baina oraintxe bertan ezin dugu hori bermatu. Eskerrak eman gura dizkiegu noizbait Abadiñoko Talde Independentea izan den familia handi honetako kide izan diren pertsona guztiei. Eskerrik asko zuen inplikazioarengatik, eta batez ere, guztiontzako herri hobea egiten laguntzeagatik”, azaldu dute prentsa ohar bidez.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!