Matienako HHko eraikina berritzeko proiektua idaztea eta Muntsaratzen alokairuzko etxebizitza sozialak eraikitzeko azterketa, EH Bilduren proposamenak

Anboto 2022ko aza. 21a, 20:07
Artxiboko irudia

Gobernu taldeak egindako aurrekontu proposamenari 25 ekarpen egin dizkio Abadiñoko EH Bilduk. 

EH Bilduk prentsa ohar bidez azaldu duenez, gobernu taldeak 2023ko aurrekontuak aurkeztu dizkie eta beraiek, EH Bilduk, aurrekontu horri 25 proposamen egin dizkiete. "Abadiñoko EH Bildutik 600.000 eurotik gorako moldaketak eta ekarpenak egin ditugu. Lanketa zehatza eta sakona burutu dugu, udaletxeko dokumentazio aztertuz, hainbat eragile eta herritarrekin hitz eginez eta udaletxeko sail ezberdinetako teknikarekin lan eginez", azaldu dute.

EH Bilduk guztira 25 ekarpen zehatz egin dizkie aurrekontuei. Hauek dira proiektuetako batzuk:  Matienako Haur Hezkuntzako eraikina berritzeko proiektua idaztea, Zelaietako mugikortasunaren berrantolaketa birmoldatzea, Astolako bizilagunek aparkalekuegaz duten arazoa konpontzea eta Muntsaratzeko lursail batean alokairuzko etxebizitza sozialak eraikitzeko azterketa egitea, besteak beste.

"Gure harridurarako prozesu honetan baieztatu ahal izango dugu udal gobernuak aurrekontuak lantzerakoan ez duela hainbat sailekin daturik kontrastatu. Horrela, konturatu gara hainbat diru partida hobeto zehaztuz gero, 465.000 euro geratzen direla erabilgarri", gaineratu dute. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!