Abadiñoko Udalak Txinurrisolo kalea urbanizatuko du, oinezkoei lehentasuna emateko

Anboto 2022ko abu. 3a, 11:33

Obra honek 296.730 euroko aurrekontua du, eta uztaileko azken osoko bilkuran onartu zuten.

Abadiñoko Udalak Traña-Matienako Txinurrisolo kalea urbanizatzeko proiektua datozen hilabeteetan lizitatzea aurreikusi du prentsa oharrean azaldu duenez. Erabat irisgarria izango da, eta lehentasuna emango diote oinezkoei, ibilgailuentzako sarbidea larrialdietako ibilgailuetara mugatuz. Lanak 296.730 euroko aurrekontua du, eta uztaileko azken osoko bilkuran onartu zuten.

Proiektuak, kalea desnibelik gabeko plataforma bakarra sortuz berrantolatzea aurreikusten du; horrela, irisgarritasun unibertsaleko irizpideak betetzeaz gain, bidea batez ere oinezkoek erabiltzeko egokituko da, 1. eta 7. zenbakien arteko tartean, puntu horretako hiri-kalitatea hobetzeko.

Txinurrisolo kalea 175 metro inguru luze da, baina proiektu honen helburua 111 metrotan jardutea da. Hirietan esku hartzeko proposamenaren funtsezko irizpidea oinezkoentzako erabilera da, irisgarritasun unibertsalaren irizpideetan oinarrituta. Irizpide horrek gutxieneko dimentsioak eta baldintza sentsorialak ezartzen ditu hiri-ingurunearen erabilera autonomoa bermatzeko, betiere larrialdietako ibilgailuentzako sarbide posiblea errespetatuz.

Horrela, plataforma bakarra sortzea aurreikusten da. Proiektuan tarte osoa berriro zolatuko da, Trañabarren eta Trañaoste kaleekin behar bezala lotuta geratzen dela bermatzeko. CO2 xurgatzeko propietateak dituzten baldosak erabiltzea aurreikusi da. Gainera, eragina jasango duten zerbitzu guztiak berrantolatuko dira, eta lanek ukitutako margoketa, seinaleztapen bertikala eta hiri-altzariak berritu egingo dira. Proiektua fase bakar batean gauzatuko da, eta obren iraupena 3 hilabetekoa izango dela aurreikusi dute.

"Eremu horretako bizilagunen bizi-kalitatea hobetzeko jarduketa garrantzitsua da, eta lehentasunezko obra da. Horregatik, ahalik eta arinen esleitu ahal izateko aurrekontu-partida aurreikusi dugu", azaldu du Javi Crespo alkateordeak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!