Abadiñoko EH Bildu: "Hiru urteren ostean ilusio berberarekin jarraitzen dugu lanean"

Abadiñoko EH Bildu 2022ko mai. 26a, 18:00

Abadiñoko EH Bilduk legegintzaldi honetako lehenengo hiru urten balorazioa egin du gutun bidez. Gutuna hemen irakurgai.

2019ko maiatzaren 26a egun historikoa izan zen Abadiñoko EH Bildurentzat. Aurreneko aldiz, talderik bozkatuena izan ginen Abadiñon 1603 herritarrek eman zeniguten aukerari esker.

3 urte pasa dira dagoeneko. 3 urte berezi. Inoiz pentsatuko ez genituen egoerak bizi izan ditugu, eta gure proposamenak, gertakari berriek eskatzen zuten beharrizanetara egokitu ditugu.

Legegintzaldiaren aurretik emandako hitza betez, herritarren beharrizanak jarri ditugu erdigunean, eta Abadiño hobetzeko proposamen ororen alde jardun dugu gureak zein beste taldeenak izan. Plenoetan emandako bozkek argi uzten dute hori, izan ere, gobernu taldearen proposamenen aurrean, EH Bilduk aldeko botoa eman du kasuen %57an, eta %15ean soilik aurkakoa.

Guk egindako proposamenek aldiz, ez dute nahiko genukeen babesik izan. AIk kasuen %80an
eta PNVk %90ean aurka bozkatu dute. Hala ere, sistematikoki ezezko bozka eman arren, denbora batera gure proposamen batzuk aurrera eraman dituzte.

Gauzak horrela, legegintzaldiaren 3/4ak igaro diren honetan, programan aurkeztu genituen 70 proposamenetatik %40 nolabait gauzatzea lortu dugu, %35ek gobernuaren ezezkoa jaso dute eta %25a lantzeke daukagu oraindik.

EH Bildu bozkatu zein ez, 3 urte hauetan, gugana hurbildu eta eskariak, proposamenak edota kexak helarazi dizkiguzuen guztio eskerrik asko gugan konfidantza izateagatik.

Urtebete geratzen zaigu oraindik 2023ko udal hauteskundeetarako. Denbora horretan aurkeztu genuen programa %100ean landu eta Abadiñarrentzako proposamen eta lantalde berritua osatzea izango da gure helburua.

Gauzak hobeto egin daitezkela uste dugu, eta ilusioz, elkarlanetik eta enpatiatik, Abadiñoren alde gure onena emateko prest jarraitzen dugu!

Eskerrik asko!

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!