Herritarrei aginte planaren berri emateko herri batzarrak egingo ditu Abadiñoko Udalak

Maialen Zuazubiskar 2022ko mar. 17a, 12:12

2020-2023 Agintaldi Planaren orain arteko balorazioa egiteko prentsaurrekoa egin dute gaur goizean. Bertan Mikel Garaizabal alkateak eta Javier Crespo alkateordeak jakitera eman dutenez, dagoneko planak jasotzen dituen jarduketen %74a burutu da edo gauzatzen ari da.

Gaur goizean Aginte Planaren orain arteko balorazioa egin dute Mikel Garaizabal alkateak eta Javier Crespo alkateordeak. Bertan, jakitera eman dutenez, dagoeneko planak jasotzen dituen jarduketen %74a burututa daude edo gauzatzen ari dira. "Joan den ekainean hemen geunden gure lanaren berri ematen. Orduan jarduketen %61a gauzatzen genbiltzan eta orain %74ra igaro gara. Lanean jarraitzen dugu eta planeko konpromiso bakarra ere ez dugu baztertu", azaldu du Mikel Garaizabal alkateak.

Horrez gain, oraingo honetan herritarrei Aginte Plan horren berri emateko herri batzar bi egingo dituztela jakitera eman dute. Martxoaren 24an, 19:00etan, Errota kultur etxean batuko dira eta martxoaren 31n, 19:00etan, Txanportan. "Herritar guztiak gonbidatzen ditugu batzar hauetara. Bertan 2020-2023 aginte plana nola doan azalduko dugu eta gero beraiei hitza emango diegu. Herritarrek beraien zalantzak argitu ahalko dituzte eta baita beraien proposamenak egin ere", jarraitu du Garaizabalek. 

Planaren orain arteko balorazioa
Planak 11 ardatz ditu eta euretako askotan hainbat jarduera dagoeneko eginda daude.Hirigintza arloari esaterako, 15 jarduketetatik sei bukatuta daudela eta beste hainbeste egiten dabiltzala azaldu dute. Horietako bat urte bukaerarako amaituta egotea espero duten Zelaieta errepidearen berrurbanizazioa da. "Lanak amaituta bide eder bat izango dugu paseatzeko, eremu inbidiagarri batean", aitortu du Javier Crespo alkateordeak. Euskara eta hezkuntzan ere ia jarduketa guztiak martxan daude, bederatzi jarduketetatik zazpi. Garaizabalek esan duenez, atal honetan aurrekontu partida nabarmen handitu da. 2020an 205.221 eurokoa zen partida eta 2022an 281.292koa. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!