Microdeco eta Gestamp enpresetako bi langile Bilboko Auzitegi probintzialean epaituko dituzte. Agintaritzaren aurkako atentatua leporatu eta Ertzaintzaren akusazio partikularretik 23 hilabeteko espetxe zigorra eskatzen dietela azaldu dute sindikatuek. "Gure babes osoa erakutsi nahi diegu Aitorri eta Arkaitzi, argi utziz ez daudela bakarrik, eta sindikatu guztiak, bai eta Bizkaiko metalgintzako langileak ere, beraiekin gaudela", azaldu dute Gestamp enpresaren aurrean gaur eguerdian egindako elkarretaratzean. Kontzentrazioa metaleko grebalariek deitu dute. ELLO, ELA, LAB, CCOO, UGT, esk eta CGT sindikatuekin batera, Microdeco eta Gestamp Bizkaia enpresetako langileen batzordeek mobilizazioagaz bat egin dute.
Metaleko hainbat langilek auzipetuta jarraitzen dute 2019an egindako grebetan jaso zituzten salaketen ondorioz. "2019ko amaieran metaleko hitzarmena sinatu zen, baina greba egunetan aktiboki parte hartu zuten langileek beren ondorioak jasaten jarraitzen dute", azaldu dute sindikatuek. Gaineratu dutenez, irailaren 16an Hego Uribeko-Arratiako 3 langile pasatu ziren epaitegitik, eta 23 eta 43 hilabete arteko kartzela zigorra eskatzen diete. "Hilabete hauetan, isun ugari ordaindu behar izan dira, eta metaleko lankideen aurka prozedura judizial eta penalak egon dira eta daude oraindik ere", diote sindikatuek.