Trañapaduran zubia eraikita trafiko astuna Traña-Matienako herrigunetik atera gura dute

Jone Guenetxea 2021ko uzt. 13a, 10:30

N-634 errepidea errekaren beste aldeko industrialdeagaz (Pierburg enpresaren atzeko aldeagaz) lotu gura dute.

Abadiñoko Udalak Trañapaduran N-634 errepidetik industrialdera sartzeko zubi berri bat eraikitzeko behin betiko proiektua onartu du gaur, osoko bilkuran. Hurrengo pausoa proiektua lizitatzea izango da. Mikel Garaizabal alkateak azaldu duenez, dagoeneko administrazio-baimen guztiak dituzte. Proiektuak 1.727.509 euroko aurrekontua du. Obra guztia Uraren Euskal Agentziak (URA) eta Abadiñoko Udalak finantzatuko dute. URAk lizitatu eta zuzenduko du obra.

"Gobernu taldeak luzaroan itxaron duen proiektua da, eta bi hamarkada baino gehiagoz atzeratu da, bere konplexutasunarengatik arazo administratibo ugarirekin egin duelako topo", azaldu du gobernu taldeak. Obra honegaz, Traña-Matienako hirigunetik trafiko astuna ateratzea gura dute.

EH Bilduk plenoan esan duenez, proiektua aurrera joatea oso albiste ona da Abadiñoko mugikortasuna hobetzeko. Hala ere, Mikel Urrutia zinegotziak kritikatu duenez, "espropiazioak egin beharko dira eta horren kostua ez dago proiektuan sartuta".

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!