AHTren lanekin "zuzenean kaltetuak izango diren herritarrei informazioa helarazteko" berbaldia antolatu du Abadiñoko EH Bilduk

Anboto 2021ko uzt. 12a, 17:54

Abiadura Handiko Trenaren lanei buruzko berbaldia antolatu dute eguaztenerako Abadiñon. Hitzaldia Mikel Urrutiak (EH Bildu), Arrate Mardarasek (Muntsaratz/Irazolako auzotarren ordezkaria), eta AHTrik EZ! plataformako kide batek eskainiko dute, 18:30ean Txanportan.

Azken Hirigintza batzordean udal gobernuak "trafikoari eta segurtasunari dagozkien dokumentuak" proposatu zituen, eta EH Bilduk hainbat gabezia dituztela uste du. Hori dela eta, "hainbat aspektu" ostera aztertzeko eskatu dute. EH Bilduren arabera, "bi urte eta erdiz 07:00-20:00 bitartean AHTren lanetan parte hartzen arituko diren kamioiak gure errepideetatik ibiliko dira". 

Hainbat gabeziaz ohartarazi du EH Bilduk. Alde batetik, Zelaieta-Muntsaratz errepidean semaforo sistema berria ezarriko da. "Semaforoa 45 segundu egongo da berdean, eta 75 gorrian. Hirigintza batzordean azaldutakoaren arabera, Mendiolako gurutzebidetik 180 metroko auto ilarak sortuko dira, eta Muntsaratzeko irteera blokeatuko da. Zer eragin izango du honek herri barneko errepideetan? Gainera, kalkulu hauetan ez dute kontutan hartu Zelaieta-Atxondo errepidean lanak egingo direla eta karril mozketak egongo direla".

Horrez gainera, Irazolarantza joateko sarbidea "arriskutsua" izango dela nabarmendu du EH Bilduk ohar baten bidez. "3,2 metroko zabalera duen bide estu batetik hiru minuturo ibilgailu bat igaroko da eta aurkeztutako dokumentazioan ez dago inolako erreferentziarik ez neurririk segurtasuna bermatzeko, oinezkoren eta bertako bizilagunen ibilgailuekin gurutzatzen direnerako".

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!