Abadiñoko EH Bildu: "Udal Gobernu taldeak Berdintasun Planaren 3.1 puntua urratu du"

Anboto 2021ko mai. 28a, 13:57
Mikel Urrutia eta Naiara Bildosola zinegotziak

Duela gutxi onartutako III. Berdintasun Planaren 3.1 puntuaren arabera, Abadiñoko Udalak "zaintza erdigunean jarriko duen udalerri erantzunkidea sustatu" beharko luke. EH Bilduk, Abadiñoko Udal gobernu taldeak, "bere jarreragaz" Berdintasun Planarekin "eginiko aurrerapausoak zapuztu" eta "sinesgarritasuna kendu" diola adierazi du prentsaurrekoan. 

Mikel Urrutia zinegotziak uko egin dio aitatasun baimenagatik zegokion liberazio erdiari, eta Naiara Bildosolak hartuko du ardura hori hemendik aurrera, baimenak irauten duen hilabeteetan. Bi zinegotziek elkarregaz emandako prentsaurrekoan eman dute erabakiaren berri. "Abadiñok, orain arte bezala, beharrezkoa den dedikazioarekin zinegotzi bat lanean edukitzea beharrezkoa du, bai herritarrekin elkarlanean proposamenak egiteko, baita udal gobernuaren jardueren jarraipena egiteko", azaldu du Urrutiak. Osoko Bilkuran liberazio erdi hori EH Bilduko beste zinegotzi bati egokitzea proposatu zuen koalizio subiranistak; mozioak ez zuen aurrera egin. "Jarrera horrek arduratu egiten gaitu", esan du Bildosolak.  

EH Bilduren arabera, EAJk eta AIk osatzen duten gobernu taldea "itsututa" dago EH Bildurekin, eta bere proposamenei "ezezko sistematiko" batekin erantzuten die. "Oposizioaren lana mugatu gura dute erabaki honekin", laburtu du Urrutia zinegotziak. 

"Instituzioen gogoeta"

Urrutiak eta Bildosolak, hausnarketarako deia ere luzatu diete erakundeei eta bertako ordezkariei. "Udal gobernuak aukera izna du udaletxean lan egiten duen langile batek, eskubide laboralik galdu gabe, bere funtzioak betetzen dituen kide bat kontratatzeko, baina uko egin dionez, aurreko helburuak betetzeko aukera bakarra langileak gizarte segurantzan bajan ematea izan da", azaldu dute. Bildosolak Hezkuntza eta Euskara eta Gizarte Ongizatea batzordeetan egon da orain arte.  

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!