Matienako pediatria zerbitzuari eusteko eskatuko dio Abadiñoko Udalak Osakidetzari

Anboto 2021ko mai. 3a, 15:55

Hilabete honen amaieran Matienako Osasun Zentroko pediatra erretiratu egingo da.

Abadiñoko Udalak bilera eskatu du Barrualde - Galdakao ESIko arduradunekin, Matienako pediatra erretiratzen denean Osakidetzaren planak ezagutzeko. Udalak dioenez, Matienako pediatria zerbitzuari orain arteko baldintza berberetan eustea eskatuko dute, "familientzat oso garrantzitsua baita Pediatria zerbitzu bat izatea euren inguru hurbilean". Horregatik, gobernu taldeak "ezinbestekotzat" jotzen du egungo titularrak libre utziko duen plaza ahalik eta lasterren betetzea. 

 

Aste honetan egin litekeen bileran, udal ordezkariek Matienako Osasun Zentroan etorkizunean zerbitzuaren funtzionamendu egokia bermatzeko "asmo sendoa" azaldu gura dute, erabiltzaileek beharrezkoak ez diren joan-etorriak egin ez ditzaten, eta Zelaietako Pediatria Zerbitzuak gainezka egin ez dezan. 

 

"Galera inguruko herrietan ere"

Abadiñoko EH Bilduren arabera, Abadiñon pediatria zerbitzua galduz gero, inguruko herrietan ere eragingo du galerak. "Pediatra bakoitzak ume gehiago jaso beharko ditu, batez beste, 1.100-1.200 inguru, kalitatezko zerbitzu bat eskaintzeko, gomendioa 800ean dagoenean. Horregatik, Abadiño bezala eta eskualde bezala, denok baturik, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailari, kalitatezko zerbitzua emateko ipini beharreko baliabideak jartzea exigitu behar diogu", adierazi du ohar baten bidez. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!