"Udal azpiegiturak sozializatzea" eskatzeko sinadura bilketa egingo dute Abadiñon

Anboto 2021ko mar. 26a, 17:15

Kanpaina Abadiñoko Gazte Asanbladak eta Gazte Koordinadora Sozialistak jarri dute martxan. Gaur, martxoak 26, 18:00etan, batzar informatiboa egingo dute. Martxoaren 27tik apirilaren 9ra bitartean egingo dute sinadura bilketa. 

AGAk eta GKSk Abadiñoko Udalaren jarrera salatu dute, frontoia, kultur etxea edo probalekua bezalako guneak erabiltzeko eskubidea "sistematikoki ukatzeagatik", besteak beste. "Udal azpiegiturak irizpide batzuk betetzen dituzten eragileek baino ezin dituzte erabili. Abadiñoko Udalaren jarrerak argi utzi digu erabilera irizpide hauek irizpide politikoak direla, eta eragile politiko ez-instituzionaloi behin eta berriz ukatu digute erabilera hori; baita osasun-protokoloak diseinatu eta betetzeko prestutasuna erakutsi dugunean ere", azaldu dute ohar baten bidez.

Eragile politikoez gainera, herritarrek ere gune horien erabilerarako zailtasunak dituztela salatu dute. "Kontziente gara eragile politikoak ez garela izan Abadiñoko pribatizazio-prozesuak eragindako kaltetu bakarrak. Izan ere, frontoi publikoen itxierak jende askoren kirolerako eskubidea urratu du". Amaitzeko, udal azpiegituren erabilera "unibertsala eta doakoa" exijitu diote Abadiñoko Udalari, eta hori bermatzeko "baldintza material ezinbestekoa da udal azpiegiturak herritarren kontrolpean" jartzea dela azpiarratu dute.

Zapatuan, martxoak 27an, 12:00-14:00 bitartean Txanporta plazan postua jarriko dute. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!