Abadiñoko EH Bilduren arabera "ez da onargarria" soberakina 4,6 milioi eurora arte "gizentzea"

Anboto 2021ko mar. 25a, 10:23

EH Bilduren berbetan aurrekontuen %10 (1.148.582 euro) erabili barik utzi da, eta hori egitea "ez da onargarria herritarrek inoiz baino laguntza gehiago behar dutenean". Abadiñoko Udalak, guztira,4.635.000 euroko soberakina duela azaldu du EH Bilduk. 

"Erakunde baten kontabilitatean positibotzat jo daiteke hori, baina ez da onargarria, zergak altu mantentzean, zerbitzu gutxiago ematean, erretiroak ez ordezkatzean eta herritarrentzako eta jarduera ekonomikoentzako laguntzak murrizten direnean", azaldu du koalizio subiranistak ohar baten bidez. Ondorioz, hausnarketarako deia egin gura izan die udal gobernuko kideei, eta soberakinaren erdia "behar duten herritarrei" bideratzeko eskatu du. "Burugabea al da diru horren diru horren %50 Abadiñoko pertsonen beharretara bideratzea datozen 2 edo 3 urteetan? Erronka horri ikuspegi kolektibo batetik erantzun behar diogu, sakondu dezagun "behar" horietan, mugarik eta aurreiritzirik gabe".

"Milioi bat euroko gainkostua"

Bestalde, Abadiño eta Atxondo batzen dituen N-634 errepide zatia udalaren esku dagoenetik  "diru xahutze" adibide lez jarri du EH Bilduk. "Aldundiarekin egindako negoziaketetan, benetako kostuari buruzko aurreikuspen-akatsak direla eta Abadiñoko Udalak milio bat euroko gainkostua hartuko du bere gain. Gainera, errepidearen mantenu lanek urtean 60.000 euroko kostua edukiko dute".

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!