[IRITZIA]: 'Itsasoan goldaketan'

Anboto 2021ko ots. 15a, 11:33

Mikel Azkarraga Etxegibelek iritzi gutuna bidali du ANBOTOra. 

Koronabirusari aurre egiteko protokoloaren arabera, baten bat kontaktu zuzentzat hartzeko, azken egun bietan metro bi baino gutxiagora egon behar izan du baieztatutako kasu positiboa den batengandik, 15 minutuan gutxienez. Gurean konfinamendu kasu bi bizi behar izan ditugu Gabonen ostean, eta bakar batean ere ez dira bete konfinatu behar izateko baldintzak. Gure seme nagusia hamarretakoa jaten egon zen positibo eman zuen ume batekin, eskolan, aire librean, bost minutuan (berak esanda. Beti dira bost minutu, asko jota). Etxera konfinatuta. Handik aste bira, amatxoren lankide bik positibo eman zuten koronabirus proban, eta amatxok ere konfinamenduaren bidea hartu behar izan zuen, eskortarako bidea ardien antzera, nahiz eta azken egun bietan ez zuen batere hartu-emanik izan lankide bi horiekin. Ikusi ere ez zituen egin, asteburua tarteko eta txanda desberdinetan lan egiten dutelako. Baina, sasoi honetan, Prekauzio mediku jaunak eta Badaezpada doktore andreak agintzen dute eta euren txistu-danbolinen doinuan dantzan egin behar. Zure argumentu eta argudioek ez diete balio Osalaneko beharginari, aztarnariari eta protokoloa diseinatu dutenei. Hau da, eurek diseinatu protokoloa, eta eurek hankapean hartu. Txakurra hil eta akabo errabia! Horixe egin dute.

Protokoloak dioena bete ez, baina betearazi bai, nahiz eta norbera sano-sano egon eta inongo sintomarik izan ez. Ez hankarik ez buztanik. Baina, jakina, badaezpada, prekauzioz, protokoloa bete behar. Bigarren kasuan, gainera, amatxori bere gelan giltzapetuta egoteko agindu zioten, eta hamar egunean umeekin batere kontakturik ez izateko. Y ya sabes, ahora, por precaución, no te acerques a los txikis, que ya veo (datuetan) que todavía son pequeñitos (5 eta 7 urtekoak). Horiek Osalaneko beharginaren berbak, gaztelaniaz. Aztarnariarenak antzera batekoak, euskaraz. Ingudea jotzean mailuak egiten duen moduko durundioa egiten digute oraindik bien aginduek, geroago eta errimeago. Burutik eginda gaude? Oraindik txikiak direlako egon beharko dute, ba, aita-amek (gure kasuan) umeekin, ezta? Zelan eskatuko diozu ama bati, bera sano egonda gainera, konfinamendurako euren motiboak ere bete ez direnean, ume bi horrela abandonatzeko, gainera txikia berarekin lokartzen denean gauero? Eta zelan azaldu umeei zeuk ere ulertzen ez duzuna? Halakoetan, bihotzak krak egiten du. Ama sena infernuko zulora bidaltzeko eskatzen dabiltza. Zentzuna satorraren zuloan entzuna. Astakeria handiagorik! Eta umeen eskubideak? Pentsatu dute erabakia hartu dutenek zer ondorio, kalte edo trauma ekarri diezaiekeen egoera ulertezin eta bururik bako horrek umeei? Eta familia osoari? Kontuan hartu dituzte umeen osasun mentala eta emozionala? Epe labur-ertain-luzera umeen burua endredatuz gero, arazo psikologikoak izanez gero, nor demontre egingo da kargu? Zenbat horrelako drama bizi ote dira etxeetan zentzunbakokeriaren izenean! Zenbat ume sartuarazi ote dituzte euren habia txikian eta han bakartuarazi! Zenbat alferreko estualdi eta negarraldi (in)justiziaren esku zigortzailearen ondorioz, behar ez denean gainera! Gurean, jakina, emaitza guztiek, hasierakoek eta amaierakoek, antigenoek eta PCRek, negatibo eman zuten.

Badaezpadako konfinamendu zorrotz horiei ez diet  onuragarritasunik ikusten. Eta, umeak tarteko, inhumanoak begitantzen zaizkit, inhumanoa izan zen moduan udaberrian hainbeste gaixo ospitale eta erresidentzietan guztiz bakartzea heriotzaren atarian, koronabirusa zutenak eta ez zutenak. Oinarrizko eskubideak txerri askara! (Gerora, Amnistía Internacional erakundeak erresidentzietan bost giza eskubide urratu zirela kaleratu zuen txosten batean). Ez naiz ni inor esateko bakoitzak zer egin behar duen halako konfinamendu-exijentzia zentzunbako baten aurrean (gure kasuei buruz nabil denbora guztian). Azken batean, bakotxa da bakotx, bere tasunekin eta bere keridxekin, eta beti errespetatu behar da inoren erabakia. Hain pertsonala denean batez ere, norberak dakielako ondoen zer egoera bizi duen etxean. Hori bai, horrelako neurriekin sano daudenak ere gaixotuko dira azkenean, baina ez koronabirusagatik, hain egoera absurduen menpe egonda burua galduko dugulako baino, ez delako normala goldea (araua) eman eta itsasoan goldaketan hasi gaitezen agintzea. Eta horretan gabiltza askotan (ez beti), itsasoan goldaketan, alfer-alferrik, denbora, energia eta osasuna galtzen. Orain, itsasoan goldaketan egin behar duzu. Eta badakizu, zeruertzeraino ailegatutakoan, buelta erdi. Ez arduratu umeengatik, pasatuko zaie, hamar egun baino ez dira etorri zaizkit euskaraz burura Osalanekoak bere talaiatik telefonoz gaztelaniaz esandakoak.

Gogor salatu beharreko beste kasu bat gugandik oso gertu bizi den familia batena da. Ama, bere senarra, eta amaren seme bi bizi dira etxean. Semeetariko batek autismoa du. Arreta berezia behar du, eguneko 24 orduetan. Beherakoarekin hasi zen (hesteetako arazoak ditu azken urte bietan, eta normaltzat hartu zuten), eta kalentura apur bat ere izan zuen egun batean. Kalentura dela-eta, protokoloa martxan ipini zuten. Ezin zioten PCR proba egin, oso biolentoa delako berarentzat eta indarka hasten denez sudur-trenkada (tabikea) hautsi daitekeelako. Kontuak kontu, bere kasua zuzenean positibotzat hartu dute, hala agertzen da estatistiketan, eta familia osoak etxean konfinatuta egon behar izan du. Autismoa duen semea eta ama alde batetik (semeak laguntasuna behar duelako) eta gainerako biak bestetik. Egun kopuruari dagokionez, hamar egunean etxetik irten barik, baina amak hogei egin behar izan ditu guztira, semeak bigarrenez negatibo eman duenetik beste hamar egunean egon behar izan duelako etxetik irten barik. (Denek eman dute negatibo). Autismoa duen semearentzat ezinbestekoa da etxetik irtetea, osterantzean zoratu egiten da, baina protokoloa bete behar, denak sano-sano egon arren, kalenturarena egun biko kontua baino ez zen izan eta. Egoera bidegabeagorik! Konfinatzea agindu, baina batere laguntasunik eman ez. Konpondu daitezela zelan-halan, ezta? Non daude familia horren oinarrizko eskubideak? Txerri aska geroago eta beteago, jakina. Bihotzak krak ez, orain katakrak egin digu denoi. 

Eta hala gabiltza, maskararekin ere berdin, kasu askotan itsasoan goldaketan, uneoro (zenbat ordu!) eta nahi-non ipinita, baita aire librean ere, bakar-bakarrik gaudenean ere bai, ezertarako ere balio ez duenean. Ez da azeria izan behar, ezta zientzialaria ere, jakiteko bakar-bakarrik egonda ezin garela kutsatu eta ezin dugula inor kutsatu, hori harriak gogaitzeraino ere esango dut. Maskara hainbeste orduan ipinita, geure osasuna kaltetzen baino ez gabiltza, oxigeno gutxiago arnasten dugulako eta burdi bete karbono dioxidorekin elikatzen dugulako geure gorputza, geuk sortutako hondakinekin. Arnas-aparatua osasuntsu izatea komeni da, ba, birusen aurka! Baina derrigortu egiten gaituzte, uneoro. Hori bai, bakotxa da bakotx, eta maskara erabili gura duenak ipini dezala, kanpoan bakar-bakarrik dagoela ere bai, edo mendi puntan, erosoago edo lasaiago sentitzen bada edo kutsatzeko beldur bada.

El País egunkariak oso ikerketa zientifiko interesgarri baten emaitzak argitaratu zituen iazko urriaren 25ean: Un salón, un bar y una clase, así contagia el coronavirus en el aire. Ikerketak, besteak beste, hiru emaitza eman zituen: 1. Inork ere ez du birusa harrapatu kutsatutako azalera bat ikutzearren. (Eta hor ibili gara gu, zoratu beharrean, boligrafo bat ikutu eta garbitzen besteren batek hartu aurretik. Zer esanik ez eskoletan haurrak. Beti erakusten gauzak konpartitu egin behar direla, eta gero kontrakoa agintzen! Bakoitzak berea eta okurritu ere ez inorena hartzerik edo inori ezer uzterik! Endredatu eta beldurtu baino ez ditugu egingo, eta, gerora, eskubidea dena pribilegiotzat hartuko dute, ezinbestean. Umeak maskararekin ibiltzera derrigortzea, jakinda umeek oxigeno gehiago behar dutela eta birusak eurengan ia ez duela eraginik (hori diote ikerketarik gehienek), astakeria itzela da, krimena ez esateagatik. Baliteke kasu horretan ere Amnistía Internacional-ek umeen eskubideak urratu egin direla esatea etorkizunean, eta orduan ere eskuak burura eroango ditugu, berandu. Umeen kasua dotore-dotore azaltzen du Durangoko Ikastolako hezitzaile, irakasle eta guraso den Eneritz Aranburuk. Bere testua Interneten dago eskuragarri). 2. Leku itxi batean kutsatzeko arriskua ia bere osotasunean murrizten da lekua aireztatuta badago. Eta 3: Aire librea da lekurik seguruena birusaren aurrean, aire librean ia ezinezkoa delako kutsatzea aerosolak edo infekzio-partikulak berehala desegiten direlako. Ez diot nik, zientzialariek baino. Orduan? Logikaren ikuspuntutik oso gatx da ulertzea maskara derrigorrez ipini behar izatea beti. Ez dut ulertzen.

Bada, ikerketa hori kontuan hartuta, maskararekin ibiltzea aire librean buruan azalorea ipinita ibiltzearen parekoa da, nire iritzian. Zer esanik ez bakarrik gaudenean. Maskararen eta azalorearen funtzioa, berdina, hutsaren hurrengoa. Urkulluri buruzko txiste bat ailegatu zitzaidan whatsapp-era orain aste bi, eta bete-betean asmatu duela esango nuke. Honelaxe dio lehendakariak txistean: “Ez da zertan maskara erabili San Blas kordela ipiniz gero“. Ba, horixe, aire librean funtzio berdin-berdina dute azaloreak buruan, maskarak aho-sudurretan eta San Blas kordelak sama bueltan. Zero patatero. Sikeran, azalorea eta kordelak ez dira txarrak osasunerako. Maskara hainbeste orduan, bai. Baina maskara eroatera derrigortzen gaituzte. Txapel gorridun batzuek baita Gaztelua aldean osteratxo bat egiten bagabiltza ere geure gerizpea baino ez dugula lagun. Autoritarismo maila hori onargarria da? Hori, argi eta garbi esanda, errepresioa da, Gazteluan eta Honolulun. 

Eta hala tapatu behar aho-sudurrak beti, agintarien eta isunen beldurragatik batzuetan, gure ondokoak hartu dezakeen polizia paperaren beldurragatik beste batzuetan, eta, batez ere, telebistak eta beste komunikabide batzuek barru-barruraino sartu diguten beldur neurtezinagatik, eta honekin ez dut esan gura beti horrela denik, baina gauza batzuk onartezinak dira. Alarma soziala gorengo muturreraino eroateko moduko adibide bi ipiniko ditut, biak La Sextan entzundakoak. Lehenengoa Al Rojo Vivo programako aurkezleak esandakoa hildakoen kopuruari eta ospitaleetako egoerari buruz, bigarren olatua deritzon sasoian oker ez banago: Atención, España se tiñe de rojo casi al completo. (Gu ere horren barruan agertzen ginen, jakina.) Aurkezlearen atzean estatu espainoleko mapa, gorri-gorri, odolusten. Hori ikusita, jende askok eta askok, izu-laborriak hartuta, mundu guztia laster hilko dela pentsatuko zuen gutxienez. Hildakoen kopurua handitu egin dela eta estatuko ospitale asko kolapsatuta daudela esateko, hori ez da bidea, nire iritzian behintzat.  Eta bigarren adibidea La Sexta Noche programako aurkezle andrazkoak esandakoa: Recibir un caso positivo es como una sentencia de muerte. Esan daiteke gezur beldurgarriago eta borobilagorik? Zenbat kasu positibo daude sintoma txikiekin edo batere sintomarik barik? Nik dakidala, sintoma larriagoekin baino gehiago. Hortxe, beraz, egiaren arropa jantzitako gezur borobil bi, muturreraino eroanda gainera. Eta horrelako zenbat! Zelan ez gara, ba, beldurraren akulupean biziko! Ondo dakite beldurra dela armarik bortitzena eta eraginkorrena masa soziala otzan izateko, mantso edukitzeko. Beldurra, behin barruan sartuta norbera hil arte desagertzen ez dena (Isilpean gordea, Toti Martínez de Lezea, Erein, 204. orrialdean).

Horixe da buru gainean dugun Damoclesen ezpata, beldurra, neurri handi batean telebistaren bitartez erraietaraino sartu digutena, iparra ere galtzeraino. Telebistan programa mota asko dago, entretenigarriak batzuk, hezitzaileak asko, interesgarriak beste horrenbeste, apartak ere gutxi ez, antologikoak banaka batzuk, eta zuzenean zaborretara botatzeko moduko beste hainbat ere bai azpigarrietarako ere ez dutelako balio, baina, hezteko, entretenitzeko eta abarretarako izatetik aparte, ezin dugu ahaztu telebista manipulaziorako erremintarik boteretsuenetarikoa ere badela, eta haren bitartez txotxongiloen modura erabiltzen gaituztela gura dutenean edo uzten diegunean, batez ere espiritu kritiko minimorik ez badugu. Groucho Marxen antzera jokatuz gero, zati bat hobeto biziko ginateke denok. Telebista oso hezigarria dela zioen, baten batek isiotzen zuenean bera ondoko gelara joaten zelako liburu bat irakurtzera.

Otsailaren 7ko Berrian, barrua irauli zidan titularra irakurri nuen. Hotzikara batek gorputz osoa hartu zidan, kokotetik behatzetaraino. Hauxe zioen titularrak, Edurne Begiristainek sinatuta: Arrasto sakona uzten ari da. Eta hauxe lehenengo paragrafoa: COVID-19ak eragindako osasun eta ekonomia krisiak beste pandemia baten kurba igoarazi du: buru osasunarena. Koronabirusaren izurriak berekin ekarri du ondorio psikologikoei lotutako beste bat, desoreka emozionalekin eta osasun mentalarekin zerikusia duena. OME Osasunaren Mundu Erakundeak aspaldi ohartarazi zuen epidemiaren eraginez buru osasuna arazo bihur daitekeela denbora gutxian, eta koronabirusak eragindako talka emozional biziak ondorioak utziko dituela eremu horretan. Azken hileotan egin diren ikerketa zenbaitek ematen dute neurria: izurria hasi zenetik, gizartean areagotu egin dira estresa, antsietatea eta larritasun sentimenduekin lotutako kontsultak; hiru lagunetik batek lo egiteko arazoak ditu; nekea eta ahultasun sentsazioak orokortu dira, eta baita tristura sentimenduak ere. Beldurra ere zabaldu egin da gizartean, eta, zenbait kasutan, «irrazionala» edo «neurriz kanpokoa» ere bada. Gehiegi arduratzeko joerak gero eta ohikoagoak dira, eta fobiak agertzen ari dira: kontaktu fisikoa izateko beldurra, beste pertsona batzuekin espazio itxietan egotekoa...

Nire iritzian ere, kasu askotan, zabaldu den beldurra irrazionala eta neurriz kanpokoa da, baina ez bakarrik osasun eta ekonomia krisiak eraginda. Gorago esan dudan moduan, baita telebistak eraginda ere. Larregi edaten dugu telebistaren iturritik, orduak eta orduak ematen ditugu haren aurrean, ez dakit zeren esperoan, irensten dugun den-dena sinistuta, ondo jakin barik iturria fidagarria den ala ez. Psikologo askok eta askok amatatzea aholkatzen dute, edo, behintzat, askoz ere gutxiago ikustea. Koronabirusari buruzko bonbardaketa mediatikoaren aurrean batez ere, egundoko eragina duelako populazioaren gogo-aldartean eta osasun mentalean. Eta zer esanik ez gorago aipatu ditudan adibide biek eta halakoek. Gure beldurra eta urduritasuna areagotu baino ez dira egingo eta egonezina, antsietatea eta depresioa zain izango ditugu ondoko kale kantoian. Ezer onik ez (Ez dizkigute emango antsietateak, depresioak eta halakoek jotakoen datu eta kopuruak). Hori bai, gero lo ondo egiteko pilula naturalen iragarkiak ematen dizkigute. Osasuntsu bagaude ere, batere sintomarik barik, halako bonbardaketarekin erraza da etorkizuna ilun ikustea, gris kolorekoa. Hala deskribatu zuen bere gogo-aldartea (eta beste askorena ere esango nuke) Garazi Arrizabalaga Durangoko Museoko zuzendariak berripaper honetan bertan idatzitako zutabean. Garazik arrazoi du. Izan ere, normala da burumakur egotea bizi dugun egoera ezohiko honetan. Baina beste hiru kolore ere aipatzen ditu, esperantzari ate bat zabaldu eta kolore horiekin eta eurak nahastuta sortutakoekin mihisea koloreztatzeko: ilusioaren kolorea gorria izan daiteke, sormenarena urdina eta poztasunarena horia, dio Garazik. Koloreok aipatuta, gonbit ere egiten digu grisetik aldendu eta Zurriaranen artelan koloretsuak ikustera joateko Durangoko Museora. Bada, ez da ideia txarra telebista amatatu eta Durangoko Museora joatea, edo liburu bat hartu eta irakurtzea, kirola egitea, osteratxo bat egitea, mendira joatea, meditatzea... Dena delakoa egitea geure burua eta barruak egurasteko, birusari buruzko zarata neketsua tarte batez behintzat geratzeko zein sistema immunologikoa indartzeko. Baita garagardo bat hartzea ere terraza batean, aire librean, lagunduta bada hobeto. Garagardoak telebistak baino neurona gutxiago hiltzen ei ditu.

Horretarako, tabernak zabalik egon behar! Baina, jakina, munduaren luze-zabalean ostalaritza ei da sektorerik arriskutsuena birusa lau haizetara zabaltzeko. Prekauzio mediku jaunak eta Badaezpada doktore andreak erabakita, denak itxita egon dira aldi luze batean. Gero, birusaren intzidentzia tasa dela-eta gorri egon diren eremuetan. Bale. Ondo. Gogor-gogorrak izan arren, ostalariek eurek ere onartu dituzte neurriak, baina ezin diezu negozioa itxiarazi batere laguntzarik eman barik. Eta jaso dituzten laguntzak ogi birrina baino ez dira, euren esanetan. Horrela, badaezpadakotasun horrek ostalari asko eta asko ito eta lurperatuko ditu, esan eta esan dabiltza-eta euren egoera larri-larria dela eta etsipenik beltzenean hondoratuta daudela. Badaezpadakotasuna bihurtuko da euren borrero (Batzuek jada negozioa itxi dute, betiko). Bien bitartean, merkataritza-gune asko, garraio publikoa, denda asko (beherapen sasoian batez ere) eta abar txuntxurreraino beteta sarritxotan. Zelan ez dira, ba, ostalariak asun-salda baino erreago egongo, eta sua zainetan! Ez dute arrazoirik falta.

Gobernariek inposatu dizkiguten arauak zorrotzegiak dira, onartezinak kasu askotan, hezurretaraino sartu diguten beldurra beste planeta batekoa, eta gauzak okertzen diren aldiro guri errua leporatzea guztiz bidegabea. Urte luze eta gogor honetan, gobernariek, tertuliakideek eta abarrek pildoraka zerrendatu dituzte errudunak: herenegun haurrak seinalatu zituzten, atzo gazteak ziren errudunak, gaur ostalariak, bihar maisu-maistrak izango dira, etzi etorkinak, eta etzilimo auskalo (a buscarlo)! Baina laster topatuko dituzte batzuk. Hortxe dituzte aukeran negazionistak (bide batez esanda, hartu diren neurri batzuk direla-eta kritikotasuna besarkatu dugun guztiok ere sartzen gaituzte zaku horretan), errebeldeak edo bakuna ipini gurako ez dutenak. Mea culpa-rik ez dute esango, ez. Errazagoa zaie errua gizarteari leporatzea, gizartea kriminalizatzea.

Denok gura dugu heriotzen errubera hau geratu dadin, eta bat nator Felix Zubia medikuak otsailaren 14ko Berrian idatzitako Gehiago ezin duzunean kritikarekin. Gauza batzuk ez ditugu ondo egin, denok, hori begi-bistakoa da, baina sano dagoen jendea konfinatzea eta aire librean maskara derrigortzea ez dira irtenbidea, nire uste apalean behintzat. Halako neurriek ere kendu digute bizipoza, eta nekea eta frustrazioa ekarri. Eta txapel gorridunek Gazteluan osteratxoa egiten dabilen lagunari maskara ipini arazteak ernegu itzela. Neurriokin, itsasoan goldaketan jarraitu dezagun exijitzen digute, gure osasunaren kaltetan. Zentzunbakokeriaren erruberak aurrera jarraitzen du eta ez du goroldiorik batuko. Goroldioa gure erraietan geratuko da.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!