Abadiñoko Udalak dioenez, Traña-Matienako eskolako obrak udan egingo dituzte

Anboto 2021ko ots. 11a, 16:21

Abadiñoko Udalak udako oporretan hasiko ditu Traña-Matienako eskola publikoaren egitura eraberritzeko lanak. "Gaur egun egoera txarrean dauden habe bat eta hamalau zutabe konponduko dira lan horiekin", azaldu dute prentsa oharrean.

Udal arduradunek esan dutenez, eraikinaren egitura aztertzeko 2020an egindako txosten batek gomendatzen zuen kalte horiek bi urteko epean konpontzea. Udalak finkatu duen lan-egutegiaren arabera, obra-proiektuaren idazketa martxoan amaituko dute, proiektua Aste Santua baino lehen lizitatuko da, eta lanak udan hasiko dira. Proiektua Eusko Jaurlaritzari helaraziko diote, kostuaren %60raino finantzatu dezan. Eraberritze lanak aprobetxatuz, eskoletako berokuntza sistema hobetuko dute.

Orain dela urte bi Abadiñoko Udalak Haur Hezkuntzako eraikina Traña plazara aldatzeko proiektua izan zuen mahai gainean. Horrela, hustutako orubean bi etxebizitza-eraikin eta lurpeko aparkaleku bat egitea gura zuten. Baina, udalak argitu duenez, txosten batek dioenez eraikin berria gune urperagarri batean egongo litzateke. Arrazoi horregatik proiektu hori alde batera utzi dutela gaineratu du udalak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!