Abadiñoko 62 denda eta tabernak udalaren diru-laguntzak eskatu dituzte

Anboto 2021ko ots. 5a, 17:52

Pandemiagatik itxita dauden denda eta tabernen titularrek eskaerak aurkeztu dizkiote Abadiñoko Udalari 2.000 eurora arteko laguntzak jasotzeko.

Udalak 80.000 euroko partida bat dauka laguntza hauetarako, baina horiek jasotzeko  2021. urtean jarduera zabalik edukitzeko konpromisoa hartu beharko dute, prentsa oharrean azaldu dutenez. Iñaki Rekalde Abadiñoko Ogasun, Ekonomia Sustapen eta Enplegu arloko zinegotziak azaldu duenez, "laguntzen asmoa da herriko ekonomia suspertzea eta ahal den neurrian arintzen laguntzea lokalen itxierak ekarri dituen kalteak". Laguntzak 1.500 eurora artekoak izango dira hiru langile dituzten establezimenduentzat, eta 2.000 eurokoak lau langile edo gehiago dituzten lokalentzat. Ixtera behartua izan den ostatu, taberna edo jatetxe bateko jardueraren titularra pertsona juridiko bat bada, diru-laguntza bakarra emango zaio lokalari.

Rekaldek esan duenez, laguntza horien bitartez ekainean banatu zituen 1.000 eurora arteko diru-laguntzak osatuko dituzte, alarma-egoera garaian lokalak zabalik mantentzeko egindako gastuak "parratzeko".

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!