Enpresa berrien sorrera bultzatzeko lehiaketan izena emateko epea zabaldu dute Abadiñon

Anboto 2020ko urr. 13a, 04:36

Urriaren 31n itxiko da Abadiñoko Enpresa Proiektuen I. Lehiaketarako proposamenak aurkezteko epea. Udalak 5.000 euroko saria emango dio Matienako, Zelaietako eta Muntsaratzeko hiriguneetan aurkezten den proiektu onenari. 

Aberastasuna eta enplegua sortzen eta Abadiñoko merkataritza suspertzen lagunduko duten enpresa-ideiak saritu gura ditu Abadiñoko Udalak Iñaki Rekalde Ogasun, Ekonomia sustapen eta enplegu zinegotziaren arabera. 

Proiektuak aurkeztu aurretik, parte hartzaileek Behargintzan doako aholkularitza zerbitzua jasotzeko aukera izango dute. Abadiñon erroldaturik daudenak lehenetsiko ditu udalak, hala ere, lehiaketan parte hartzeko ez da derrigorra izango abadiñarra izatea. 

Proiektu irabazleak sariaren %80 enpresa martxan jartzerakoan jasoko du, eta beste %20a urtebe beranduago. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!