[BIDEOA] Imanol Jaio eta beste bi atxilotuak askatzea eskatu dute Abadiñon

Anboto 2020ko urr. 5a, 20:35

Ehunka lagunek Traña-Matienako kaleak zeharkatu dituzte azken orduetako atxiloketak salatzeko eta atxilo harturikoak askatzea eskatzeko. Antolatzaileen esanetan, Imanol Jaio komunikatuta dago eta harremanetan dago bere abokatuagaz.

Manifestazioaren antolatzaileek adierazi dutenez, Guardia Zibilak Madrilera eraman du Jaio. “Bihar deklaratuko du poliziaren aurrean, eta, etzi, epailearen aurrean”, azaldu dute. Datozen egunetan mobilizazio gehiago egingo dituztela iragarri dute. 19:30etan Trañabarren etorbidean batuko dira.

Guardia Zibilak hiru atxiloketa egin ditu gaur goizean. Imanol Jaio Irunen atxilotu dute. Kepa Arzauz Arrasaten atxilotu dute, eta, Ekhiñe Eizagirre, berriz, Zarautzen. “Helburu terroristarekin lehergaiak edukitzea” leporatuta egin dituzte atxiloketak. Ertzaintzak 2019an Arraia-Maeztun  (Araba) topatutako “zulo” batekin lotura dutelakoan hartu dituzte atxilo.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!