Abadiñoko Udalak Traña-Matienako haur-hezkuntzako eraikinaren egoerari buruzko txosten bat egiteko eskatu zion enpresa pribatu bati alarma egoeraren garaian. Orain txosten horren ondorioak jakitera eman ditu. Txostenak dio eraikinak "badituela arrakalak eta beste hondamen-zantzu batzuk, bai adreiluetan, bai egituran, bai teilatu-hegaletan" eta ondorioztatu du "egoera txarrean" dagoela, udaleko oharrak zehazten duenez. "Hezetasunak" eragin du, besteak beste, ikasketa zentro osoko eraikinik zaharrenaren narriadura.
Behin txosten horren edukia jakin ondoren, udal arduradunak Hezkuntza Saileko ordezkariekin batuko dira eraikinaren egoeraren berri emateko. Mikel Garaizabal alkateak azpimarratu duenez, "Matienako ikastetxeko ume txikienak hartzen dituen bloke horren egoera hobetzeko neurriak ere hartuko dira".