PPruek izenak badu istorio bat atzetik...
Igor: Whatsapp talde bat da, orain hiru urte eta erdi sortutakoa. Parrandarik parranda esan gura du. Brometan bota genuen hasieran, baina, azkenean…
Erronka handia izan zen probak gainditzea?
Sugar: Ez genekien zelako probak izango ziren, eta ez dut esango erraza izan zenik, baina edonork erantzuteko moduko proba eta galderak izan ziren, eta ondo pasatzekoak.
Iker: Handia baino gehiago, polita.
Itxaroten zenuten irabaztea?
Igor: Hasi baino lehen, otzara zelan banatu eztabaidatzen ibili ginen, nahiko harrotuta! Probetan aurrera egin ahala, azken fasera heltzeko aukera handia genuela ikusi genuen, baina tentsio uneak izan genituen.
Iker: Ez nuen sinesten irabaziko genuenik, eta, azkenean…
Zuen sormenak eta jakinduriak lagundu zizueten, ala zorte kontua izan zen?
Sugar: Denerik apur bat. Momentuan erantzuteko galderak izan genituen lehenengo, eta hor herriaren jakinduriaz jokatu genuen.
Iker: Abesti nahiko ezagunen letra ipinita, taldearen izena asmatu beharra ere izan genuen. Hor ere ondo ibili ginen, taldean musikari bat izanda…
Bertsolaria zara, Igor, Sugar musikaria, eta zuk, Iker, zientzia duzu gustuko. Bakoitzaren abilidadeek asko lagundu zizueten?
Sugar: Ez dakit, ba, nik! Musikagaz loturiko galdera gehiago asmatu zituzten eurek nik baino. ‘Patata beroa’-n, zortea da nagusi.
Igor: Durangon ibilita gaude hirurok, eta horrek bai lagundu zigun. Seinale txarra da durangarrentzat hiru abadiñarrek irabazi izana. Egurra eman genien durangarrei!
Errepikatzeko moduko esperientzia izan da?
Sugar: Bai. Irabazi izana alde batera utzita, oso ondo pasatu genuen.
Igor: Ederto pasatu genuen, bai. Itxaroten ez genuen oso giro polita sortu zen, eta sari immaterial hori nabarmenduko genuke irabazitako otzara baino gehiago.
Iker: Jakina!
Hirukoak eta halako ekimenek euskaraz jokatzen eta euskara erabiltzen laguntzen dute?
Iker: Bai. Parte hartu genuenok euskal hiztunak ginen. Baina, gehiago zabalduz gero, euskara gehiago erabiltzeko balio dezake, harremanak sortzeko…
Sugar: Gainera, horrelako proba eta lehiak gehiago ikusi ditugu gaztelaniaz. Hirukoan ikusi nuen euskaraz ere egin daitekeela hori.
Zelan banatu duzue zuen artean Errigorako otzara?
Igor: Orduan pasatu nuen tentsiorik handiena!
Iker: Harri Orri Ar eginda. Igorrek irabazi zuen eta berak aukeratu zuen lehenengo produktua: ardoa. Gero, txandaka, bakoitzak bat hartu zuen. Bakoitzari lote polita tokatu zitzaigun.