Dokumentuak hainbat datu esanguratsu bildu ditu. Besteak beste, emakumeen nagusitasuna: Abadiñoko Euskaraldiko partaideen %75,9 emakumezkoak izan ziren. Adin tarteari dagokionez, 35 urtetik 49ra bitartekoak izan ziren gehiengoa (partaideen %48,3). Bestalde, erabilerari dagokionez, lagunartean eta familian eragin zuen gehien Euskaraldiak; eta ikaslekuan izan zuen eraginik txikiena. Solaskideen gaitasuna kontuan edukita, hizkuntza ohitura aldaketarik handiena euskaraz erraz ulertzen dutenek bizi izan zuten.
Enpresak ardatz
2018ko ekimenaren harreraren ondoren, 2020rako bigarren Euskaraldi bat antolatuko dutela jakinarazi dute Euskaltzaleen Topaguneak eta Eusko Jaurlaritzak; azaro-abendu bueltan egingo dela aurreratu dute, eta oraingo honetan hamabost eguneko iraupena izango du. Aurrekoaren haritik, ahobizi eta belarriprest rolak izango ditu oinarrian, baina berritasun bat dute: arigune kontzeptua aurkeztuko dute; euskaraz eroso jarduteko espazioak dira, eta entitateen barruan zein kanpoan egon ahalko dira.