Eskerrik asko liburua dela-eta elkarrizketatu nautenei: Euskadi irratiari, Bizkaia irratiari, Tronpako lagun gazteei, Mugalariri, eta, batez ere, astekari honi, Anbotori.
Eta, nola ez, eskerrik asko Gerediaga elkarteari urtero Durangoko Azoka antolatzeagatik eta eskualdekooi Durangaldeko Argitalpenak standean liburua saltzeko aukera emateagatik eta eskainitako tratuagatik. Denbora asko egon ginen elkarrekin, eta eskerrik asko Esther biei eta standean saltzen egon ziren neska-mutilei, ez baita erraza lanean egotea eta aldi berean gure seme biei jaramon egitea.
Zuri ere eskerrik asko, irakurle, nirekin batera Mendiaren altzoan murgiltzeagatik. Liburuaz gozatzea espero dut. Eskerrak emateaz gainera, barkamena ere eskatu nahi dizut liburuan aurkituko dituzun errata eta bestelako akatsengatik. Badakizu, arin eta ondo, usoak hegan. Beraz, txarto esanak barkatu eta ondo esanak kontuan hartu. Azokara joateko aukera izan ez zenutenok Durangaldean leku hauetan duzue liburua salgai, nahi izanez gero: Abadiñon, estankoan eta Hezgarrin; Durangon, Hitz-en; Elorrion, Ilargin; Zornotzan, Ayerdin; eta Otxandion, Axpe estankoan.